Itxi

Udalen osaketa

Hego Euskal Herriko alkatetzen mapa, herriz herri eta alderdiz alderdi

I. R. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

EH Bildu lehenengo indarra da EAEn, 107 alkatetzekin: 15 Araban, 41 Bizkaian eta 51 Gipuzkoan. EAJ bigarrena, 92 alkatetzekin. Bilbok eta Donostiak alkate jeltzale izaten jarraituko dute, eta Gasteizek, ordea, PSEkoa, eta emakume bat, historian lehen aldiz.

Hego Euskal Herriko udalen osaketa.

Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen ostean, Hego Euskal Herriko udal guztien gobernuak osatu zituzten atzo, ekainaren 17an. Herritarrek emandako bozkek ez dituzte erabaki zein izan den tokiko gobernu guztien kolorea, eta alderdien arteko negoziazioek eta paktuek baldintzatu dituzte askoren osaera. Hona hemen horren emaitza, herriz herri eta lurraldez lurralde.

EAEko hiru hiriburuetako udalak EAJren eta PSE-EEren esku geratu dira, baina alkatetza kopuruari dagokionez, EH Bildu lehenengo indarra da. Izan ere, guztira 107 tokiko gobernu lortu ditu: 15 Araban, 41 Bizkaian eta 51 Gipuzkoan. EAJ bigarrena litzateke, 92 alkatetzekin (Trebiñun kokatutako biak barne).

Bizkaia

Tokiko hautagaitza independenteak funtsezkoak izan dira, sarri, udalen osaketetarako. Besteak beste, EH Bildurekin elkartu dira hainbatetan aginte-makila hartzeko, esaterako, Zallan edo Gatikan. Elkarrekin Podemosek ere, zenbaitetan babesa eman dio koalizio abertzaleari agintea eskuratzeko, hala nola Urdulizen.

Araba

Egoera bera bizi dute Arabako zenbait udalerritan. Laudion, adibidez, EH Bilduko Ainize Gastaka alkate izendatu dute Omnia herri-plataformaren bozei esker. PPk lurralde honetan eskuratu ditu alkatetza bakarrak eta, popularren botoak gehituta, besteak beste, Gasteizko aginte-makila eman diote Maider Etxebarria sozialistari.

Gipuzkoa

EH Bildu, orokorrean, nagusi izan da Gipuzkoan, eta bere alkatetza nagusiak mantendu ditu hemen. Gainera, Pasaia, Andoain, Arrasate edo Tolosa bezalako udalerri garrantzitsuak ere bereganatu ditu.

Nafarroa

UPNk boterea mantendu du Nafarroako udal garrantzitsuenetan, besteak beste, hiriburuan, Iruñean eta bigarren hirian, Tuteran. Gainera, UPNk Nafarroako beste udalerri jendetsuenetako batzuen buru izaten jarraituko du, Barañain edo Eguesibar kasu, eta Lizarrako Alkatetza berreskuratu du. Orokorrean, baina, tokiko plataformek eta hautagaitzek gidatuko dituzte udalerri txikiak. Bestalde, EH Bilduk ere pisu handia lortu du Foru Erkidegoko udal boterean, 39 alkatetza eskuratu baititu, horietako batzuk garrantzitsuak, hala nola Burlata, Berriozar, Atarrabia, Antsoain, Tafalla eta Berriobeitikoak.

Beheko taula honetan, zuzenean zure udalerria bila dezakezu alkatea eta bere alderdia zein den jakiteko.