AUZITEGI GORENA
Clara Ponsati Espainian atxilotzeko agindua eman du Pablo Llarena epaileak
EITB MEDIA
Kataluniako prozesuaren auzia daraman epailearen arabera, Generalitateko Hezkuntza sailburu ohiak ez zuen justifikatu apirilaren 24an bere aurrean ez aurkeztu izana.
Pablo Llarena Kataluniako prozesu independentistaren auzia daraman Auzitegi Goreneko epaileak Clara Ponsati Generalitateko Hezkuntza kontseilari ohia Espainiako Estatuan atxilotzeko agindua eman du, apirilaren 24an bere aurrean aurkeztu ez izana "arrazoi legitimo batekin" justifikatu ez duela iritzita.
Gaur egun Juntseko eurodiputatua dena ez zen azaldu apirilaren 24an Auzitegi Gorenean zuen hitzordura. Agerraldian, desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion Llarena epaileak, 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta.
Ponsati ez zen Auzitegi Gorenean agertu, eta haren defentsak idazki batean arrazoitu zuen Europako Parlamentuan lana zeukala. Llarenaren gaurko autoaren arabera, testuan ez zen zehazten Euroganberako batzorde horietara agertu zela, baina defentsak bi zereginak aldi berean ezin zituela bete iradoki zuen.
Magistratuaren ustez, zantzu guztien arabera, ikertuak "bere borondatez eta arrazoirik gabe ez zion epaitegitik jasotako zitazioari erantzun", eta, beraz, Espainiako Estatuan atxilotzeko agindu du, deklaratzera eramateko. Hala ere, Llarenak dio atxilotzeko agindua bertan behera uzteko aukera dagoela, baldin eta Ponsati bere "borondatez eta pertsonalki" agertzen bada, auzi honetako beste bi auzipetuk, Meritxel Serretek eta Anna Gabrielek, egin bezala.