Eztabaida Radio Euskadin
EAJk eta EH Bilduk ertzainak gizarteari egiten ari zaizkion "xantaia" eta "pultsua" salatu dituzte
Agentziak | EITB Media
Gatazka konpontzeko elkarrizketaren alde agertu dira PSE-EE eta Elkarrekin, eta PPk, berriz, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren "porrota" salatu du.
EAJk eta EH Bilduk larunbat honetan salatu dute ertzainak "xantaia" eta "pultsua" egiten ari zaizkiola gizarteari, lan-baldintzak hobetzeko protestetan. PSE-EEk eta Elkarrekin alderdiak, berriz, elkarrizketaren alde egin dute, agenteen eta Segurtasun Sailaren arteko gatazka konpontzeko. PPk, bere aldetik, salatu du Gobernuak "porrot" egin duela "12 urte hitzarmenik gabe" daramaten agenteen lan-egoeraren kudeaketan.
Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan egindako eztabaida batean, legebiltzarkideek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen artean sortutako egoera aztertu dute, ostiraleko emaitzarik gabeko bileraren ostean.
Horren harira, Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak esan du "pena" ematen duela Ertzaintzako profesionalen egoerak eta jarrerak. Soldata hobetzeari edo beste edozein arlori dagozkion aldarrikapenak "zilegitzat" jotzen dituela adierazi ondoren, ohartarazi du "xantaia" dela eta ez dela onargarria.
Ordezkari jeltzaleak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 37 hobekuntza-neurri proposatu ditu, eta sindikatuek neurri horiei buruz hitz egitea baztertu izana gaitzetsi du. "Mahai gainean jarri duten afera bakarra soldata igoera da, badakitenean legez kanpokoa dela eta ezin dela egin".
Bestalde, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea bat etorri da EAJko ordezkariarekin, lan-arlokotzat ez, baizik eta politikotzat jo duen gatazka batean Ertzaintza "xantaia" eta "pultsua" egiten ari dela salatzeko.
Era berean, "haserre" agertu da Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak ertzainei 18 milioi euroko eskaintza ipini dielako mahai gainean, egoitzetako langileek greba egun ugari egin dituztenean eta "zainketen balioa eta zaintzen gaituztenak zaintzearen garrantzia beti alde batera utzi direnean".
Bestalde, Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi du irtenbidea "elkarrizketari eustea" dela, eta galdetu du zein akordiotara irits daitekeen "mahai batean ez bazaude eta elkarrizketa uzten baduzu".
Uste du "agerikoa" dela azken urteotan Ertzaintzaren lan-harremanek "okerrera" egin dutela, eta Segurtasun Sailak planteatutako 37 neurriak "positiboak" direla.
Elkarrekin Podemosen aldetik, Isa Gonzalez legebiltzarkideak azpimarratu du Ertzaintzaren lan-akordioak dagoeneko berrikusita behar lukeela, baina adierazi du ertzainek eskatutako soldata-igoera "errealitatetik kanpo" dagoela.
Halaber, defendatu du gatazka sindikatuetako negoziazio-mahaietan bideratzea, "legitimoki aukeratutako" ordezkarien bitartez, "horiek baitira hitza hartu behar dutenak". Era berean, salatu du "demagogian" ari dela erortzen 'Ertzainak indar bidez' deritzon mugimendu asindikala, eta aurpegiratu du mugimendu horretako ordezkariek jarrera "mehatxagarria eta harroputza" erakutsi dutela, "anonimoak direlako eta hedabideetan hitz egiten dutenean ez dutelako aurpegirik ematen".