Itxi

GAL

Bellochek GALen kostua "minimoa" izan zela esan du, "jende asko" zegoelako hura finantzateko prest

EITB Media

Felipe Gonzalezen ministro ohiak 'El Periódico de Aragón' egunkarian esandakoek erreakzio soka luzea ekarri dute. Estatuaren nahiz ETAren biktimek, alderdi politikoetako ordezkariek eta norbanako ugarik gaitzetsi dituzte Bellochen hitzak.

El Periodico de Aragon egunkariaren elkarrizketa, euren webean.

Soka luzea ekarri duten adierazpenak egin ditu Juan Alberto Bellochek El Periódico de Aragón egunkarian, bere memoriak biltzen dituen liburuaren aurkezpenaren harira. 

Elkarrizketa horretan, Felipe Gonzalezen garaian Espainiako Justizia eta Barne ministro zenak esan du berari ere dena iruditu zitzaiola bidezko ETAren kontra. Horren hitzetan, jendea ez zegoen GALen kontra, talde horren baldarkeriaren kontra baizik. "Arlote kuadrilla bat zen, Gobernuaren zerbitzu batzuen laguntza izango zuten agian, baina euren jarduteko modu baldarrak berak erakusten du Estatua ez zegoela atzean. Horrela izan balitz, hobeto egingo zen".

Galindok mailaz igotzeko "meritu nahikoa eta soberan" izan zituen, horren hitzetan, eta "torturak ez zuen ezertarako balio", "ETAk ordena zehatzak" ematen zizkielako militanteei "parte hartu zuten guztia esan zezaten, desmoralizazioa saihesteko". 

Halaber, adierazi duenez, "GAL taldearen kostua minimoa izan zen", "boluntario mordoa" zegoelako prest taldea finantzatzeko. 

Bellochek GALen inguruan egin dituen adierazpenek kritika eta erreakzio zaparrada ekarri dute.

Sare sozialetan laster erakutsi dute hitz horiekiko arbuioa hainbat politikarik eta biktimak. 

Estatu-biktimentzat egia, aitortza eta justizia eskatzen dituen Egiari Zor Fundazioak salatu du adierazpen horiek estatu-krimenen "inpunitateaz ziur den batek" baino ezin dituela egin:

Fernando Buesa Blanco Fundazioak ere gogor kritikatu ditu hitz horiek, eta honakoa esan dio: "Bellock jauna, akatsa izan zen, eta izugarrikeria justifikaezina"

ETAk aitarik gabe utzi zituen Maria Jauregi, Iñaki Garcia Arrizabalaga eta Josu Elespe ere hitz horien aurka agertu dira. Jauregik inpunitatea salatu du eta elkartasuna adierazi die estatu-terrorismoaren biktimei, Garcia Arrizabalagak ere elkartasuna adierazi die GALen biktimei eta adierazpenok terrorismoaren biktima guztiei kalte egiten diela azpimarrtau du eta Elespek "gizagabetasun higuingarria", idatzi du Twitterreko bere kontuan. 

Alderdi sozialistako hainbat kidek erakutsi dute hitz horiekiko gaitzespena. 

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, hitz horiek "nazka" eragiten diotela adierazi du eta bat egin du biktimekin.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak esan du inongo indarkeriak ez direla balioetsi behar, eta gutxiago Estatuak eragindakoa:

Ildo beretik hitz egin dute Rafaela Romero edo Jose Igancio Asensio PSE-EEko kideek ere.

Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzailearen aburuz, "lotsagarriak" dira adierazpen horiek, eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea eskatu ditu.