NEGOZIAZIOAK
Nafarroako Gobernuan egun duen ordezkaritzari eustea eskatu dio Geroa Baik PSNri
EITB MEDIA
Halaber, Foru Gobernua osatzeko negoziazioak Maria Chivitek gidatzeko eskatu du koalizio abertzaleak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nafarroako Gobernua eratzeko negoziazioak deblokeatzeko ahaleginean, bilera egin dute goizean PSNko eta Geroa Bai koalizioko ordezkariek, Foru Parlamentuaren egoitza nagusian. Uxue Barkos buru duen taldeak hasieratik jarri duen baldintza helarazi die berriro sozialistei: egun duen ordezkaritzari eustea hurrengo gobernuan.
Ordezkaritzarena eta alderdi bakoitzak izango duen pisuarena argitzea ezinbesteko baldintzak dira, Geroa Bairen iritzian, negoziazioetan aurrera egiteko. Hain zuzen, arrazoi horregatik egin zion uko hiruko bileretan parte hartzeari PSNrekin eta Zurekin Nafarroa taldearekin batera.
Halaber, Foru Gobernua osatzeko negoziazioak Maria Chivitek gidatzeko eskatu du koalizio abertzaleak, eta horrek bileretan zuzenean parte har dezala.
Goizeko bileraren ondoren hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariak esan du PSNren erantzunaren zain geratu direla.
Lehenengo bilera elkarrekin
Hala, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariak 17:00etan bildu dira Foru Parlamentuan, hiru indar politikoek elkarrekin egin duten lehen bileran, hurrengo Foru Gobernuaren osaketa negoziatzeko.
PSNren aldetik, Ramon Alzorriz Antolakuntza idazkari eta parlamentaria eta Jorge Aguirre eta Ainhoa Unzu parlamentariak izan dira bileran; Geroa Bairen izenean, Unai Hualde (Parlamentuko presidentea), Maria Solana eta Pablo Azcona parlamentariak bertaratu dira; horiekin batera, Zurekin Nafarroako hiru parlamentariak egon dira bertan, hau da, Begoña Alfaro, Carlos Guzman eta Daniel Lopez.
Bestalde, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak asteartean abiatuko du bilera sorta alderdi eta talde politikoekin, oraingoz datarik ez duen inbestidura bati begira, Gobernuko presidente izateko babes nahikorik duen hautagairik ba ote dagoen jakiteko.
Geroa Baiko eta Zurekin Nafarroako ordezkariak arratsaldeko bileran. Argazkia: EFE
UPN: "Ez gaude hiruko gobernu akordio baten aurrean, Chivitek Bildurekin duen gobernua da"
Javier Esparza UPNko presidenteak negoziazioei buruz adierazi duenez, "ez gaude hiruko gobernu akordio baten aurrean, Chivitek Bildurekin duen gobernu berri baten aurrean baizik".
Maria Chivite PSNko idazkari nagusia eta bere alderdia "iritzi publikoa nahasten saiatzen ari dira egiazkoa ez den informazioa helaraziz, Chivite Bildurekin adosten badu bakarrik izango baita presidente", esan du Esparzak ohar batean.
Esparzaren ustez, "kontraesankorra da Pedro Sanchez Bildutik bereizteko estrategia batean ikustea, hauteskunde orokorren aurrean gaudelako eta kalte egiten diola badakielako, eta hemen PSNren eta Euskal Herria Bilduren arteko itun bat eratzen aritzea".