Itxi

ARABA

Araban adostutako programa aurkeztu dute EAJk eta PSE-EEk, oposizioarekin akordioak beharko dituztela jakitun

EITB MEDIA

Zaintza, eraldaketa ekonomikoa, ingurumena eta parte-hartzea dira aurkeztu duten programaren ardatzak. Ramiro Gonzalezek esan duenez, helburua lurraldeari "egonkortasuna" ematea da, "aurrera egiten jarrai dezan".

Gasteiz, gaur. Argazkia: EFE

Arabako Aldundirako adostu duten programa-akordioa aurkeztu dute gaur goizean EAJk eta PSE-EEk. Ramiro Gonzalez berriro diputatu nagusi izango den hautagai jeltzalea, eta Jose Antonio Suso eta Cristina Gonzalez EAJren eta PSE-EEren Arabako arduradun nagusiak, hurrenez hurren, agertu dira hedabideen aurrean, akordioaren xehetasunen berri emateko. Ostegunerako dago deituta inbestidura saioa.

Aurkezpenean esan dutenez, jakitun dira legealdi honetan ez dutela gehiengo osorik Arabako Batzar Nagusietan, eta ezinbestean bilatu beharko dituztela akordioak oposizioarekin. Zentzu horretan,  alderdi guztiekin negoziatzeko borondatea dutela erantsi dute, Voxekin izan ezik. Ramiro Gonzalezek erantsi du EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek "eraginkorrak" izateko aukera izango dutela datozen lau urteotan, eurek hala nahi izatera.

Arabari "egonkortasuna" ematen jarraitzea dela programaren helburua azaldu du buruzagi jeltzaleak, eta lau ardatz dituela zehaztu du: eraldaketa ekonomikoa, pertsonen zaintza, ingurugiroarekiko konpromisoa eta herritarren parte-hartzea.

Bere aldetik, Arabako sozialisten lurralde idazkariak adierazi du "elkarrizketarako eta kontsentsurako" abiagunea izateko bokazioa duela akordioak.