Itxi

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK

Gipuzkoa zuzentzeko euren hautagaitzak aurkeztu eta lan-ildoak aletu dituzte Mendozak eta Iriartek

EITB MEDIA

Leer en Castellano

09:30ean hasi da Gipuzkoako diputatu nagusia aukeratzeko inbestidura saioa Batzar Nagusietan. Ezustekorik ezean, Eider Mendoza jeltzaleak hartuko du Markel Olanoren lekukoa, PSE-EEren eta PPren babesarekin.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak, gaur

Gipuzkoako diputatu nagusi berria aukeratuko dute gaur, lurralde horretako Batzar Nagusietan 09:30ean hasi den osoko bilkuran. Eider Mendoza jeltzaleak eta M28ko bozkak irabazi zituen EH Bilduko Maddalen Iriartek aurkeztu dituzte hautagaitzak, eta ezustekorik ezean, EAJren hautagaiak eskuratuko du Gipuzkoako aginte-makila, PSE-EEren eta PPren babesarekin. Arratsaldean egingo da bozketa, 18:00etatik aurrera.

Mendoza izan da hitza hartzen aurrena, eta EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio-gobernuak egindako lana goratuz abiatu du bere hitzartzea. Itun horri esker "Gipuzkoan iraganean zintzilik utzi ziren arazo larriak konpondu" direla ziurtatu du. Datorren legealdirako sozialistekin adostu duten programan jarri du azpimarra, eta "elkarlanerako deia" egin die gainerako alderdiei. "Indar berarekin adierazi nahi dut ez dela zilegi deslegitimatzea joko-arau demokratikoen barruan lortutako adostasunak eta hartutako erabakiak, norberaren gustuko ez direlako", erantsi du.

Ordu eta laurden inguru iraun duen hitzaldian, hautagai jeltzaleak azaldu du "gauzak egiteko moduari garrantzi berezia" emango diola bera buru izango duen Aldundiak. "Hurbiltasuna, feminismoa eta berrikuntza" izango dituela ardatz esan du, begirada beti "epe luzera jarrita". "Emakume aurpegia izango du gure gobernuak, lehen diputatu nagusi emakumea izateaz gain, errotik txertatuko duelako feminismoaren ikuspegia gure egunerokoan", zehaztu du. 

Bestalde, "kontinente osoan populismoaren mehatxua hedatzen ari den honetan", "aniztasunaren, giza eskubideen eta elkarbizitza demokratikoaren alde" egitea nabarmendu du. Horren hitzetan, "elkartasuna, errespetua, begirunea eta komunitatea" dira indartu beharreko baloreak.

Oposizioko talde guztiekin zubiak eraikitzeko proposamena eginez amaitu du. "Hitz ematen dizuet diputatu nagusi izendatua izaten banaiz, sekulako ahalegina egingo dudala ezberdinen arteko zubi lan hori bideratzeko. Jarrera eraikitzailea, dialogantea eta gertukoa izateko konpromisoa hartzen dut, eta gainerako alderdiei ere gauza bera eskatzen dizuet", esan du.

Bere aldetik, Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak egungo Gipuzkoaren argazkia egin du, ongizate eta berdintasun arloetan "geldialdi egoeran" dagoen lurraldea, bere hitzetan. Norabidea aldatzeko "komunitateari lotutako kudeaketa eredua" proposatu du, elkarbizitza bermatuko duena. Ildo horretan, adierazi du herritarrek M28an argi hitz egin zutela eta Gipuzkoa gidatzeko ardura beraiei eman zietela.

Iriarte sinetsita dago "herri honek egiteko modu" bat duela eta zentzu horretan "Gipuzkoak abangoardia" izan daitekeela. "Politika feministak, ezkerrekoak eta euskaldunak" erdigunean jarrita,  prest agertu da "garai berri bati ekin" eta Gipuzkoako diputatu nagusi izateko. "Herri honek badu kontzientzia bat. Izan zirelako bagara, izaten jarraitzeko zein bide egin eta norekin egin erabakitzea ezinbestekoa da", esan du.

Horretarako, hainbat lan-ildo azaldu ditu Iriartek. Klima larriadiari aurre egiteko neurriak, politika industrial proaktiboa, gobernantza feminista edota beste fiskalitate eredu bat aipatu ditu, besteak beste.

Euskaratik eraikitako lurralde burujabea eraikitzeko lan egingo duela ere azaldu du.

Albisteak (2)