ARABAKO FORU ALDUNDIA
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi izendatu dute, hirugarrenez
EITB MEDIA
EAJk eta PSE-EEk hautagai jeltzalea aukeratu dute Arabako Foru Aldundian gobernatzeko, bigarren bozketa batean, eztabaida luze baten ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ramiro Gonzalez hiru legegintzaldiz jarraian gobernatuko duen Arabako lehenengo ahaldun nagusia da. Hala izango da ostegun honetan, bigarren bozketan, EAJk bere botoak sozialisten botoekin batu ostean, joan den maiatzaren 28ko hauteskundeen ondoren bi alderdiek sinatutako gobernagarritasunaren akordioa betez.
Ez da ezustekorik izan: Ramiro Gonzalez Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzakiderekin lehiatu da kargurako, espero zen babesarekin.
Ahaldu nagusia izendatzeko, lehen bozketan batzarkideen gehiengo osoaren babesa lortu behar da (51tik 26).
Ramiro Gonzalezek, EAJ-PSE koalizioak babestuta, 24 batu ditu (15 EAJrenak eta 9 PSE-EErenak), eta Lopez de Arroyabek, EH Bildurenak (14 batzarkide), ondorioz, ez dute nahikoa babes izan, eta bigarren bozketara joan behar izan dute. Gainerako 13 batzarkideek (PP, Elkarrekin eta Vox) boto zuria eman dute.
Bigarren bozketa horretan nahikoa izan da gehiengo sinplea lortzea, eta Gonzalezek erdietsi du, EAJren eta PSE-EEren 24 botoekin.
Gonzalezek gobernatuko du, beraz, datozen lau urteetan, baina aurreko legegintzaldietako gehiengo absoluturik gabe egin beharko du. Ondorioz, "elkarrizketa eta akordioa" eskaini die oposizioko taldeei, Voxi izan ezik, baina "errealismotik" egindako politika "kontinuistak" iragarri ditu eta "ezinezko utopiak" baztertu ditu.
Maiatzaren 28ko hauteskundeetan EAJk eta PSE-EEk izan zuten "babes galera" aipatu du Gonzalezek bere hitzaldian, eta horrek aurreko legegintzaldiko gehiengo osoa galtzea ekarri diela azpimarratu du. Horregatik, "elkarrizketa eta akordioa beharrezkoak izango dira", eta foru gobernua "beti egongo da irekita" EH Bildurekin, PPrekin eta Elkarrekin alderdiekin hitz egiteko, "printzipio demokratikoak defendatzen dituztelako eta autogobernua eta gure erakundeak ere defendatzen dituztelako, bakoitza bere postulatu ideologikoetatik abiatuta".