Autodeterminazioa
Gure Eskuk Frantziako Tourra aprobetxatu du Bidasoa ibaia "muga baino, zubi izan dadin" aldarrikatzeko
EITB MEDIA
Halaber, ekimenak salatu du gaur egun muga horrek arriskuan jartzen dituela Europara etorkizun duin baten bila datozenen bizitzak.
Gure Eskuk Frantziako Tourraren hirugarren etapa, Zornotza eta Baiona artekoa, aprobetxatu du astelehen honetan Bidasoa ibaia "muga baino, zubi izan dadin" aldarrikatzeko.
"Bidasoaren alde batean zein bestean, bada hizkuntza, kultura eta nortasun propioak dituen herri bat, elkarrekin bizi eta erabaki nahi duena", esan dute plataformako bozeramaileek Irunen egindako ekimen koloretsu batean. Bertan, kalejira bat egin dute Santiago frontoitik zubiraino, musikari, erraldoi eta buruhandiekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen "erritmoan".
Irungo Santiago zubian gaude, @KatxiporretaEus|ekin batera kalejiran.
— Gure Esku (@gure_esku) July 3, 2023
Hormak eta harresiak ez ditugu maite, elkarrekin bizi nahi dugu soilik, ez dugu beste inor mendean hartu nahi: etorkizuna hautatu, ez besterik.#EuskalHerriakErabaki#BasquesDecidepic.twitter.com/bJvyR0PjcR
Irantzu Perellok eta Iñigo Urrutiak esan dute "oker" daudela Frantziako Itzuliak, Euskadin bi etapa egin ondoren, "gaur euskal lurrak utzi dituela" pentsatzen dutenak.
"Gaur Tourra Bizkaitik, Arabatik eta Gipuzkoatik pasa ondoren, Lapurdira iritsiko da, eta etzi Zuberoatik ere pasako da. Bidasoan muga bat ezarri digute. Alde bateko eta besteko euskal herritarrok arrotz bilakatu nahi gaituen muga", adierazi dute.
Horregatik, Bidasoa ibaia "zubia izatea" eskatu dute, "ez muga", eta salatu dute horrek "arriskuan" jartzen dituela "Europara etorkizun duin baten bila datozenen bizitzak".
"Muga horrek eragiten dituen heriotzak jasanezinak zaizkigu", deitoratu dute.