MUGA PASABIDEEN ITXIERA
Tourra igaro ostean, berriro itxi dute Hendaia eta Irun arteko Avenida zubia
EITB MEDIA
24 orduz irekita egon ondoren, atzera hesiak jarri dituzte. Irungo eta Hendaiako alkateek "onartezina" dela salatu dute, eta elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako.
24 orduz bakarrik egon da zabalik Hendaia eta Irun batzen dituen muga pasabidea, Avenida zubia, eta Frantziako Tourra igaro ondotik atzera hesiak jarri dituzte. Frantziako Gobernuak 2021ean itxi zuen muga pasabide hori arrisku terrorista argudiatuta eta, atzo salbu, itxita egon da denbora tarte horretan.
2021eko urtarriletik, ezin da Bidasoa gaineko zubia erabili batetik bestera igarotzeko.
Jose Antonio Santano eta Kotte Ezenarro Irungo eta Hendaiako alkateek gaur goizean elkarrekin egin duten agerraldian salatu dutenez, "onartezina" da berriro ere Avenida zubia itxi izana. Halaber, ez dute baztertzen "gizarte eta politika mailan" aldarrikapenak egitea, "Irungo eta Hendaiako bizilagunak iraintzen dituen erabakia lehengoratzeko". Egoera hori salatzeko, elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako, 18:00etan, zubian bertan.
2021eko urtarrilean Frantziako Gobernuak arrisku terrorista argudiatuz Nafarroa eta Gipuzkoatik Lapurdi zein Behe Nafarrora pasatzeko hainbat muga pasabide itxi zituen, tartean, Avenida zubia. Bi urte pasa dira eta tarte horretan Nafarroako Gobernuak eta Hendaiako Udalak ere askotan eskatu dute pasabideak irekitzeko.
Bederatzi pasabide itxi zituzten 2021. urtean eta gaur egun, Avenida zubiaz gain, beste hiruk jarraitzen dute itxita: Izpegiko pasabideak (baigorritarrek erabiltzen dutena), Iturzaetakoak (larraindarrentzat) eta Kintokoako muga-puntuak (Aldude eta Urepeleko herritarrentzat ezinbestekoa).