Polemika
"Que te vote Txapote" leloak zatiketa eta eztabaida eragin ditu biktimen artean
EITB MEDIA
ETAren hainbat biktimak eta Covite eta Fernando Buesa biktimen elkarteek alderdiei eta herritarrei eskatu diete ez dezatela leloa erabil. Terrorismoaren beste 100 biktimak leloa babestu dute, eta aurrenekoei ohartarazi diete "ez direla kolektiboaren monopolioarekin egin behar".
ETAren hainbat biktimak eta Covite eta Fernando Buesa biktimen elkarteek alderdiei eta herritarrei eskatu diete ez dezatela erabil "Que te vote Txapote" leloa, indarkeriari garrantzia kendu eta hutsal bihurtzen duelako.
Bi elkarte horiez gain, oharra ETAk hildako 20 bat pertsonaren senideek norbanako gisa sinatu du, tartean Iruretagoiena eta Zamarreño, PPko zinegotzi erailen senideak. Gainera, Jose Maria Lobato Txapoteren zuzeneko biktima ere badago tartean.
Oharrean diote "oso mingarria zaiola biktima askori" lelo hori, eta "indarkeria deslegitimatzeko bidean ez duela batere laguntzen". Krudela eta duintasunaren aurkakoa da sinatzaileentzat, Garcia Gaztelu "Txapote"ren biktimek etenik gabe beren hiltzailearen izena entzun beharra. Era berean indarkeriaren erabilera partidistaren aurkako jarrera azaldu dute oharrean.
Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak azken egunotan azaldu du bere jarrera kritikoa "Que te vote Txapote" leloaren aurrean, hauteskunde kanpainan Pedro Sanchezek EH Bildurekin lortutako akordioak kritikatzeko "eslogan gisa erabiltzeagatik.
Beste biktima batzuek leloa babestu dute
Hala ere, terrorismoaren 100 bat biktima, horien artean Marimar Blanco PPko ordezkaria, Miguel Angel Blancoren arreba, eta Angeles Pedraza, M11ko atentatuetan alaba galdu zuena, leloa "babesten" ari dira.
"Goiburua babesten dugu, herriaren adierazpen askatasunerako eskubidearen parte dela uste dugulako", adierazi dute. Bigarren adierazpen horren sinatzaileek nabarmendu dute ulertzen dutela "esaldiarekin ordezkatuta ez senti daitezkeen beste biktima batzuk egotea", baina ohartarazi dute "horiek ez direla kolektiboaren monopolioarekin egin behar".
"Ezinezkoa da iruditeria kolektibotik herritik sortu den esamolde bat desagerraraztea", defendatu dute, eta azpimarratu dute, gainera, bat egiten dutela goiburu horrekin, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen jokabidea "iraingarria" izan delako.