Katalunia
JxCatek Sanchezen inbestidura negoziatuko luke soilik "autodeterminazioa eta amnistia" ardatzean oinarrituta
Agentziak | EITB Media
Josep Rius JxCateko presidenteorde eta bozeramaileak galdetu du "zer egiteko prest" dagoen Sanchez Junts "konbentzitzeko". "Pilota bere teilatuan dago", ohartarazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Josep Rius JxCateko presidenteorde eta bozeramaileak gaur berretsi duenez, bere alderdiak Pedro Sanchezen balizko inbestidura negoziatuko luke soilik "autodeterminazioa eta amnistia" ardatz bikoitzean oinarrituta, eta PSOEri erronka bota dio "Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka desblokeatzeko" proposamen bat egiteko.
JxCateko zuzendaritzak uztailaren 23ko hauteskunde orokorren emaitzak aztertzeko egindako bileraren ostean, Riusek prentsaurrekoan galdetu du "zer egiteko prest dagoen" Sanchez Junts "konbentzitzeko" eta Kongresuan dituen zazpi diputatuek balizko inbestidura batean babesa eman diezaioten.
"Pilota bere teilatuan dago", ohartarazi du Riusek, eta orain arte erantzukizun horri "ihes egitea" leporatu dio Sanchezi, azken urteetan ez baita egon "sozialistek gatazka desblokeatzeko proposamenik".
Gainera, Riusek esan du orain arte ez dutela PSOEko edo Sumarreko buruzagiekin "harreman ofizialik" izan.
"Oso adi egongo gara Pedro Sanchez jaunak esaten duenean zein den bere proposamena gainerako alderdi politikoak konbentzitzeko inbestiduran balizko babesa eman diezaioten", adierazi du Riusek, eta ohartarazi du ezin dela "Kataluniaren aurka gobernatu".
Nahiz eta PSOEko buruzagiak amnistia eta autodeterminazio eskaerak errefusatu dituen, Riusek esan du Sanchezek "gauza asko" adierazi dituela "hauteskunde kanpainen aurretik eta hauteskunde kanpainetan, eta ondoren gauza ezberdin asko egin dituela".