U23
EAJk Alberto Nuñez Feijoori jakinarazi dio ez duela bere inbestidura negoziatuko
Agentziak | EITB Media
EAJren EBBko presidenteak telefonoz deitu dio bart PPko buruzagiari, horrek mezu bidez berarekin harremanetan jarri ondoren. Jeltzaleek esana zuten "Vox erakundeetan sartzean marra gorri bat" zeharkatu zuela Feijook.
Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak jakinarazi dio Alberto Nuñez Feijoo PPko buruari ezetz, ez dutela hautagai 'popularraren' inbestidura negoziatzeko.
Jeltzaleen iturriek jakinarazi dutenez, Feijook hainbat WhatsApp mezu bidali zizkion atzo EAJko buruari. Gauean erantzun zion Ortuzarrek, telefono dei baten bidez.
Eguerdian EBBko bileran adostutako erabakia da Feijoori Ortuzarrek jakinarazitakoa, hauteskunde kanpaian hainbatetan errepikatutakoa, hain justu. Hots, "Vox erakundeetan sartzean Feijook marra gorri bat zeharkatu" duela.
Andoni Ortuzar, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Alberto Núñez Feijóo Alderdi Popularreko presidenteari deitu dio gaur gauean.
— EAJ-PNV (@eajpnv) July 24, 2023
Ortuzarrek Núñez Feijóori esan dio EAJk ez duela elkarrizketarik hasiko Espainiako Gobernuko presidente izateko inbestidura errazteko. Erabaki hau… pic.twitter.com/z9ZZveyWgC
Jeltzaleen ezezkoarekin, gehiengo nahikorik ez du PPk
EAJren ezezkoari Coalicion Canariak emandakoa ere batu behar zaio. Ana Omaras diputatuak ukatu egin du bere alderdiak Alderdi Popularraren hautagaiaren "inbestidura fantasma" babestuko duenik, ezta Pedro Sanchez sozialista buru duen gobernu bat ere, Espainian "sinesten ez dutenen" menpe egongo denik, Junts alderdiko independentistei erreferentzia eginez.
Hori horrela, UPNren baiezkoa baino ez du Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiak, baina Voxen babesa erantsita ere, ez da nahikoa inbestidura aurrera eramateko.
Feijook Pedro Sanchezekin hasi zuen bilera-sorta, U23an bertan, eta horren berri eman zuen atzo Zuzendaritza Batzorde Nazionalaren aurrean egindako agerraldian. PPko buruzagiak hiru agertoki marraztu zituen: bozkatuenak gobernatzea, blokeoa edo "galdu duten guztiek gehiengo alternatibo bat esploratzea, alderdi populisten eta independentisten babes esplizitu edo isilarekin".
PPko buruzagiek jendaurrean Feijoo babestu zuten, nahiz eta pribatuan zalantzan jarri Moncloara eramango duen gehiengoa eraikitzeko aukera hori, eta horrek hauteskundeak errepikatzea edo Pedro Sanchezen gobernu berria ekarriko luke, indar independentistek lagunduta.
Feijook onartu du PPk ez dituela "aurreikuspenak" bete hauteskunde orokorretan, baina azpimarratu du alderdi irabazlea dela eta, beraz, bere "ardura" dela Gobernua osatzeko elkarrizketak gidatzea. "Ez diot uko egingo saiatzeari", adierazi zuen Feijook bere hitzaldian, partidaren garaipen mingotsa erdietsi eta ordu gutxira.