NAFARROAKO GOBERNUA
Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioetan, PSNk kontraeskaintza egiteko eskatu dio Geroa Bairi
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ramon Alzorriz sozialistak geldirik egotea aurpegiratu dio Geroa Bairi, eta negoziazio batean alde guztiek mugitu eta proposatu behar dutela gaineratu du.
Geroa Baik Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioak blokeatuta daudela salatu eta biharamunean, PSNk mugitzeko eta kontraeskaintza egiteko eskatu dio koalizioari.
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak geldirik egotea eta maiatzaren 28tik "proposamen bera" izatea aurpegiratu dio Geroa Bairi. Zurekin Nafarroak, ostera, kontraproposamen batzuk bidali dizkiela eta, hortaz, jarrerak hurbildu dituztela adierazi du.
"Beharrezkoa den guztia egingo dugu, baina egia da negoziazio baten barruan guztiek mugitu, proposatu eta amore eman behar dutela", gehitu du Alzorrizek.
Edozein kasutan, Nafarroako boto-emaileek ezberdin bozkatu dutela eta PSNri indar gehiago eman diotela nabarmendu du. Geroa Bairi zuzenean erreferentzia egin gabe, Alzorrizek esan du Uxue Barkos buru duen taldeak ezin duela gobernu barruan lehen zuen ordezkaritza bera izan herritarrek babes gutxiago eman baitiote.
Gaur goizean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Alzorrizek nabarmendu du Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa lagun Maria Chivite presidente egitea dela xedea eta ezerk ez dituela azken helburutik desbideratuko.
Maria Chivite Nafarroako presidente egiteko, kanpoko babesa beharko dutela onartu du, baina gaineratu du ez dutela horretarako EH Bildurekin negoziatuko.