EUSKADI IRRATIA
Martinez: "Sanchez presidente eta Diaz presidenteorde izateko aukera handia da"
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Espainian aurreko legealdiko koalizio-gobernua berretsiko dela ziur agertu da Sumar Mugimenduko diputatu hautatua. Taldeen arteko akordioak lortzeko borondatea badagoela esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Espainiak datozen lau urteotan gobernu aurrerakoia izango duela ez du zalantzarik Lander Martinez Sumar Mugimenduko diputatu hautatuak. PSOEk eta Sumar Mugimenduak koalizio-gobernua berretsiko dutela uste du, eta Pedro Sanchez presidente karguan eta Yolanda Diaz Presidenteordetzan ikusten ditu. "Badakit, iturri onetatik, lan handia egingo dutela akordioa lortzeko bi alderdien artean, eta baita ere inbestidurarako behar diren babesak lortzeko. Borondatea badago", adierazi du.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, bestalde, Unidas Podemoseko bost diputatuek Kongresuan talde parlamentario propioa izateko aukeraz ere hitz egin du. Martinezek garrantzia kendu dio gaiari, esanez ganberako erregelamenduak ez duela hori ahalbidetzen, hautagaitza bakarrak ezin duelako izan talde bat baino gehiago. Hori dela eta, talde moreak atzo gaia mahai gainera atera zuenean "koalizio barruko taldeen autonomia" nabarmendu nahiko zuela iritzi dio. "15 taldek osatzen dugu Sumar, eta horietatik 8k dugu ordezkaritza Kongresuan. Kongresuan funtzionamendu unitarioa izan arren, oreka bilatu behar da koalizioaren eta azpitaldeen artean", adierazi du.
Alderdi abertzaleen botoak erabakigarriak izango dira Sanchezen inbestiduran, eta, besteak beste, kataluniarrek erreferenduma jarri dute baldintza gisa. "Logikaren barruan" kokatu du eskari hori Sumar Mugimenduko diputatu hautatuak, "alderdi bakoitzak negoziazioetan mahai gainean jartzen dituen eskakizun historikoen markoan". Nolanahi ere, "erreferendumarena maximozko eskaria" dela garbi du eta "eztabaida prozesu batean irtenbideak" bilatu behar direla esan du. Gogora ekarri du, halaber, PSOEren marra gorria Konstituzioa dela. "Guk argi daukagu lurraldetasunaren inguruan aurrerapausoak emateko Konstituzioa moldatu egin behar dela. Estatu konfederal baten alde egin dugu guk beti", azaldu du.
Euskal alderdiekin bitartekari lana egiteko prest agertu da, baina erabaki hori koalizioaren esku dagoela erantsi du.