Itxi

HIZKUNTZA POLITIKA

Kongresuko saioetan euskara, katalana eta galegoa erabili ahal izateko araudia aldatzea proposatuko du Diazek

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hain zuzen, diputatuen eskubideak jasotzen dituen Kongresuko araudiaren 6. artikulua aldatzea nahi du Sumar Mugimenduak, hizkuntza koofizialak erabiltzeko aukera izan dezaten.

Yolanda Diaz, Kongresuan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Espainiako Diputatuen Kongresuan euskara, katalana eta galegoa erabili ahal izateko bidea zabaldu nahi du Yolanda Diaz Sumar Mugimenduko buru eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteorde bigarrenak. Horretarako, Kongresuko araudiaren 6. artikulua moldatzeko proposatu du, diputatuen eskubideak jasotzen dituena, eta hizkuntza koofizialetan aritzeko eskubidea nabarmendu du.

TVEn egin dituen adierazpenetan, Diazek azaldu du Espainia "herrialdeen herrialdea" dela, "anitza" eta "askotarikoa", eta "identitate ezberdinek" eskubide berak izan behar dituztela. "Parlamentuak horren isla izan behar du", gehitu du.

Senatua jarri du adibide modura Sumar Mugimenduko ordezkariak. Goi Ganberan, partzialki bada ere, hizkuntza koofizialak erabiltzeko aukera badago zenbait ekimenetan: idatziak euskaraz aurkez ditzakete senatariek, eta erkidegoen arteko batzorde orokorrean eta mozioen eztabaidetan ere euskara, galegoa edota katalana erabiltzeko aukera dute.

Pedro Sanchez sozialistaren inbestidura ahalbidetzeko alderdi abertzaleek egindako eskari bat ote den galdetuta, Diezek ezetz esan du, eta bere alderdiak hasieratik bere programan jasota duen konpromisoetako bat dela nabarmendu du.