Itxi

Nafarroako Gobernua

PSNk gobernu proposamen berria egin dio Geroa Bairi, "jarrerak gerturatzeko"

EITB Media

Leer en Castellano

PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bilera egin dute, akordioa lortzen saiatzeko. Sozialistek proposamen berri bat jarri dute mahai gainean, eta Geroa Baik adierazi du aztertu egingo dutela eskaintza berria.

Alzorriz eta Azcona, gaur, bileraren ondoren. Argazkia: EITB Media

Maria Chivite sozialista bigarrenez Nafarroako presidente bihurtzeko negoziazioak beste fase batean (azkena akaso) sartu dira. PSNk eta Zurekin Nafarroak Gobernua osatzeko aurreakordioa sinatu zuten atzo, eta bezperan baiezko botoa emateko prest zegoela iragarri zuen EH Bildu Nafarroak (militanteek dute azken hitza). Bi mugimendu horiek aldapa behera jarri diote inbestidura jarduneko presidenteari. Argitzeko dago Geroa Baik zer egingo duen: Gobernuan sartu edo oposizioan geratzea du aukeran. Batera zein bestera, Uxue Barkosen koalizioaren abstentzioa behar du bloke aurrerakoiak. 

Horren ildotik, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bilera egin dute gaur goizean, gobernatzeko akordioa lortzen saiatzeko. Horren ildotik, PSNk proposamen berria egin dio Geroa Bairi, eta Uxue Barkosen alderdiak erantzun du aztertu egingo dutela.

Bileraren ondoren hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Ramon Alzorriz PSNko Antolaketa idazkariak esan du mahai gainean jarri duten proposamen berrian Geroa Bairen eskari nagusiak biltzen saiatu direla. Bere hitzetan, Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin gobernu aurrerakoia osatzea da PSNren asmoa eta hori lortzeko lanean ari dira. Azken proposamena "errealista eta anbizio handikoa" dela ziurtatu du, bi aldeen arteko "jarrerak gerturatzeko" balio beharko lukeena.

Halaber, buruzagi sozialistak erantsi du Geroa Bairi dagokiola orain eskaintza aztertu eta erantzun bat ematea. Zentzu horretan, "diskrezioa eta patxada" eskatu ditu, eta proposamena "presiorik gabe azter" dezala galdegin dio koalizio abertzaleari. "Proposamena oso ona da, eta Geroa Baik esan beharko du bideragarria ikusten duen edo ez", zehaztu du.

Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariak ere hitz egin du batzarra amaitu berritan. Proposamena aztertuko dutela eta ondorengo orduotan erantzun bat emango dutela azaldu du.  Letra txikiraino irakurri eta euren proposamenak zenbateraino dauden jasota ikusiko dute, ezer erantzun aurretik. Gobernuaren egiturari dagozkion aldaketak bakarrik ez, edukian eta programan ere konpromiso argiak nahi dituztela gehitu du.

Gobernu aurrerakoia eta anitza eratzeko borondate osoa dutela nabarmendu du Azconak ere, eta onartu du PSNk gaur helarazitako txostenean "zenbat aldaketa" badaudela.

Foru hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, bigarren bozketan aukeratuko lukete Chivite. Lehen bozketan gehiengo osoa behar da (26 boto), baina bigarrenean nahikoa da gehiengo soila. Hala, eskuineko blokeak (UPN+PP+Vox) dituen 20 eserlekuak baino boto bat gehiago eskuratu behar ditu bloke aurrerakoiak. EH Bilduk baiezkoaren alde egingo balu, 23 boto jasoko lituzke Chivitek (11 PSNrenak, 3 Zurekin Nafarroarenak eta 9 koalizio abertzalearenak). Dena dela, Geroa Bairen abstentzioa ere behar du Chivitek (7). Uxue Barkosen koalizioak esana du ez duela gobernu aurrerakoi baten aukera zapuztuko. 

Sozialistek asteak zeramatzaten Geroa Bai eta Zurekin Nafarroarekin negoziatzen. Astelehenean, baina, hordagoa bota zuen Geroa Baik. Salatu zuenez, PSOEren estatu mailako estrategiek talka egiten dute Geroa Baik hiruko gobernuan izan nahiko lukeen pisuarekin. 

Geroa Baik erabakitzen duena erabakita, PSNk Zurekin Nafarroarekin erdietsitako akordioak —orain arte Geroa Bairen esku zegoen Etxebizitza Departamentua Alfaroren koalizioak izango du— bidea erraztu dio Chiviteri.

 

 

Albisteak (1)