Nafarroako Gobernua
Geroa Baik PSN eta Zurekin Nafarroaren "baikortasuna eta poza" apaldu ditu: "Ez gaude puntu horretan"
EITB Media
Koalizioaren hitzetan, azken proposamenaren "letra txikia" aztertzen ari dira. Horren arabera, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritza, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaritza, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaritza eta Osasun Kontseilaritzak kudeatuko lituzke.
Maria Solana Geroa Bairen bozeramaileak apaldu egin ditu Maria Chiviteren inbestidura bermatuko lukeen ustezko akordioaren inguruan PSNk eta Zurekin Nafarroak azken orduotan erakutsitako "baikortasuna eta poza".
Lizarrako jaien hasieran kazetarien aurrean egin ditu adierazpenok, eta, bere esanetan, "momentuz ez gaude puntu horretan". Gainera, PSNri zuzendu zaio argitu dezan "joko-arau zorrotzagoak onartzeko prest ote dagoen, zehatzagoak eta aurreko legealdian izan genituenak baino eraginkorragoak, argi baitago ez zirela nahikoak izan, bete ez ziren urraketak egon zirelako, eta ezin izan ziren bideratu, eta pairatu behar izan genituen".
Gobernua osatzeko akordioa gertu dagoela dioten adierazpenen inguruan galdetuta adierazi duenez, "akordio on batek ekarriko digu poza, (Gobernuaren) egitura zentzuduna zehazteaz gain, eraginkorra eta Geroa Bairi dagokiona delako".
Solanaren adierazpenen aurretik, Maria Chivite PSNren presidentegaiak esan du ez duela Geroa Bairen "baiezkoa ez den beste aukerarik" ikusten, azken proposamena kontuan izanda.
Ser irratian adierazi duenez, "alde guztiek galdu behar dute negoziazio batean", baina "azken proposamen honekin Geroa Bai eroso sentitzea" espero duela gaineratu du, guztiek sentitu behar baitute "eroso Gobernuan".
Geroa Bai PSNk atzo, osteguna, egindako azken proposamena aztertzen ari da, Maria Chivite Nafarroako sozialisten hautagai eta Nafarroako jarduneko presidentearen inbestidura bermatzeko akordioa lortzeko helburuarekin.
Bi taldeek bilera izan zuten atzo, Zurekin Nafarroarekin batera, eta PSNk hasierako proposamena moldatu zuen bertan, Gero Baik gaur-gaurkoz duen departamentu kopurua mantenduta, Etxebizitzaren ordez Osasun Kontseilaritza eskainita.
Hala, Geroa Baik proposamena onartuko balu, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritza, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaritza, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaritza eta Osasun Kontseilaritza kudeatuko lituzke.
Foru hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, bigarren bozketan aukeratuko lukete Chivite. Lehen bozketan gehiengo osoa behar da (26 boto), baina bigarrenean nahikoa da gehiengo soila. Hala, eskuineko blokeak (UPN+PP+Vox) dituen 20 eserlekuak baino boto bat gehiago eskuratu behar ditu bloke aurrerakoiak. EH Bilduk baiezkoaren alde egingo balu, 23 boto jasoko lituzke Chivitek: PSNrenak (11), Zurekin Nafarroarenak (3) eta EH Bildurenak (9). Dena dela, Geroa Bairen (7) abstentzioa ere behar du. Uxue Barkosen koalizioak esana du ez duela gobernu aurrerakoi baten aukera zapuztuko.
Maria Chivite sozialista bigarrenez Nafarroako presidente bihurtzeko negoziazioak azkena izan litekeen fasean sartu dira. PSNk eta Zurekin Nafarroak Gobernua osatzeko aurreakordioa sinatu zuten herenegun, eta bezperan baiezko botoa emateko prest zegoela iragarri zuen EH Bilduk, militanteek berretsi behar badute ere.
Bestalde, PSN-PSOEren Zuzendaritza Batzordeak, akordio programatikoaren edukia ezagutu ondoren, "Maria Chivitek gidatutako gobernu aurrerakoi baten eraketa bermatzen du, eta hala izan dadin beharrezkoak diren urratsak ematea adostu dute".
Ahalik eta lasterren egiteko deia egin dute sozialistek, "Nafarroako herritarrek konfiantza eta ziurtasuna lehenbailehen emango dion gobernu bat behar dutelako". "Sozialisten proposamena errealista eta asmo handikoa da, eta Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren aldarrikapenak jasotzen ditu", adierazi du alderdiak ohar batean.