Itxi

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Adaneroren ustez, PSNri "burura igo" zaizkio hauteskunde emaitzak eta Geroa Bairi presionatu nahi izan dio

O. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

PPko diputatu eta Iruñeko zinegotziak uste du Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatuko dutela, Geroa Bai Gobernuan egon ala ez.

Carlos Garcia Adanero (PP)

Carlos Garcia Adanero UPNko diputatu ohi eta egun PPko Madrilgo diputatu denaren esanetan, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatuko dute, Geroa Bai Gobernuan sartu ala ez. Horren iritziz, PSNri "burura igo" zaizkio hauteskundeetako emaitzak, eta Geroa Bairi presioa egin nahi izan dio. Sozialistei gomendio bat ematera ere ausartu da, eta esan die gobernu posizioetan eskuzabaltasunez jokatzea ona dela "denak hobetu funtziona dezan".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Espainiako gobernagarritasunaz ere hitz egin du. Adaneroren ustez, ERCren edo EH Bilduren esku balego, Sanchez Gobernuko presidente izango litzateke berriro, baina Puigdemontek beste parametro batzuekin funtzionatzen du, eta ikusteko dago zer egingo duen Juntsek bere botoekin. Horregatik, Sanchezi berak uste baino zailago jarriko diotela nabarmendu du.

Uztailaren 23ko hauteskundeen ondotik, Madrilen ezbaian dagoen Kongresuko eserlekua Carlos Garcia Adanerorena da oraingoz. Atzerriko botoari esker, PPk aulki bat kendu dio PSOEri, eta sozialistek helegitea aurkeztu dute Hauteskunde Batzorde Zentralean. Edonola ere, azken erabakiaren zain, Adaneroren asmoa diputatu eta Iruñeko zinegotzi karguak uztartzea da. 

Bestalde, EAJren estrategia kritikatu du. EH Bilduri "zeharka" begiratzeari utzi eta "bere interesetan" gehiago pentsatu beharko lukeela esan du.