Itxi

Aragoi

PPk eta Voxek akordioa sinatu dute Aragoin elkarrekin gobernatzeko

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Jorge Azcon popularra izango da Gobernuko presidentea, eta Voxeko Alejandro Nolasco, presidenteordea.

Ana Alos (PP) eta Alejandro Nolasco (Vox). Argazkia: EFE

Alderdi Popularrak eta Voxek gobernu akordioa sinatu dute Aragoin, Jorge Azcon popularrari presidentetza eta Alejandro Nolasco ultraeskuindarrari presidenteordetza emateko.

Konpromisoen artean izenpetu dituzte memoria demokratikoaren legea indargabetzea, trans legea aldatzea eta obra hidraulikoak eta erreserba hidrikoa defendatzea, isuraldatzeak aipatu gabe. Akordioak laurogei puntu ditu, Lamban sozialistaren lauko gobernuaren politika "okerren" aurrean aldaketa eskaintzeko.

Voxek bi kontseilaritza izango ditu gobernu berrian, eta horietako batek presidenteorde maila izango du; beste presidenteordetza PPrena izango da. Ez dute zehaztu kontseilaritza kopurua murriztuko duten, zein zuzendaritza nagusi egongo diren Voxen menpe edo azkenean PAR alderdi erregionalistarekin akordioa lortuko den.

Ana Alos PPko bozeramaileak esan du Gobernua "dike bat" izango dela. Akordioak ez ditu aipatzen Voxek defendatzen dituen arro hidrografikoen arteko isuraldatzeak. Ordea, obra hidraulikoen defentsa aipatzen du, Aragoiko Autonomia Estatutuak jasotzen duen erreserba hidrikoa bermatzeko.

Alosek emakumea babesteko politikak eta indarkeria matxistaren aurkako borroka ere bermatutzat eman ditu, "familia barruko indarkeriaren" biktimei laguntzeko konpromisoa ahaztu gabe. Esan duenez, Emakumearen Aragoiko Institutuak "orain arte bezala" jarraituko du.