Itxi

U23

Sanchez ala Feijoo, nor proposatu beharko luke erregeak inbestidurarako?

Iker gonzalez | eitb media

Leer en Castellano

Konstituzioaren 99. artikulua lehen lerrora bueltatu da berriz, hautagai nagusiek babes argirik lortu ez dutelako, hauteskunde errepikapenaren mamua berriro begiztatzen hasi den honetan. Alabaina, zer dio, zehazki, artikuluak?

Felipe erregea, Pedro Sanchezekin, 2019ko bilera sortaren baitan. Argazkia: Errege Etxea

Uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako emaitzek bi bloke argi utzi zituzten, batetik, PPk bozketa irabazi zuen, 136 diputatu eskuratuta eta, bestetik, PSOE bigarren indarra izan zen 122 eserlekurekin, edonola ere, horiek behin behineko emaitzak dira, CERA botoari esker PPk eserleku bat kendu liokelako PSOEri Madrilen, baina horren zenbaketa Hauteskunde Batzorde Orokorraren esku dago orain.

Emaitza horiek egoera zaila sorrarazi diote Pedro Sanchezi, eta ia ezinezkoa da Alberto Nuñez Feijoorentzat, balizko inbestidurari begiratuta. Hautagai sozialistak CCren botoa eta Juntsen abstentzioa beharko luke, edo Juntsen aldeko bi -eta gainerakoen abstentzioa- talde kanariarra aurka izango balu. Feijook EAJren ezezkoa jaso du dagoeneko, beraz, Voxen (33) eta CCren balizko aldeko botoa zenbatu ahal izango lituzke, egoerarik onenean 170 boto jasota, Kongresuan bigarren itzulian beharko lituzkeen botoetatik urrun (176).

Egutegiko hurrengo hitzordua abuztuaren 17an izango da, orduan, Kongresua osatzeko saioa egingo baita eta, diputatuek akreditazioak jasoz gain, Mahaia ere eratuko da, eta hori ezinbesteko pausoa da inbestidura saioaren deialdia egiteko.

Puntu honetan sartzen da jokoan, hain zuzen, Konstituzioaren 99. artikulua, alegia, Gobernu espainiarraren presidentea aukeratzeko pausoak zehazten dituena. Konstituzioaren arabera, Diputatuen Kongresua berritu ostean" (abuztuaren 17a), erregeak "ordezkaritza parlamentarioa duten taldeen ordezkariekin bildu ostean, eta Kongresuko Presidentearen bidez, Gobernuren Presidentetzarako hautagai bat proposatuko du".

Erregeak oraindik ez du hasi bilera sorta alderdiekin, normalean txikienetik handienera egiten dena, inbestidurarako babesa nork bildu lezakeen jakiteko.

Behin hona heldu ostean, bi galdera planteatzen dira:

-Inork ez baldin badu bermatuta babes nahikoa izango duela, erregeak boto gehien jaso duena proposatu beharko luke?

-Ba al dago eperik hautagairen bat proposatzeko?

99. artikuluak ez du zehazten, ez bata, ez bestea, beraz, erregea ez dago behartuta egitera. Halere, aurrekariak egon badaude, Mariano Rajoyrekin 2015eko abenduko hauteskundeen ostean egin bezala.

Orduan, erregeak Rajoy proposatu zuen inbestidurarako, baina PPren hautagaiak errefusatu egin zuen, argudiatuta une horretan ziurtatuta zuen gauza bakarra zela "kontrako botoen gehiengo osoa: 180 diputatu gutxienez". "Gaur ez daukat botorik bermatuta eta, beraz, ez dauka zentzurik hara joatea, ondorio bakarra izango baita Konstituzio espainiarrak zehazten duen bi hilabeteko epea martxan jartzea", esan zuen.

Rajoyk une horretan aipatu zuen bi hilabetekoa epea da inbestidura saioko lehen bozketatik aurrera martxan jartzen dena. Izan ere, 2016an, Rajoyren ezezkoaren ostean, erregeak Sanchez proposatu zuen, eta horrek onartu. Alabaina, bozketak galdu zituen (lehenengoan gehiengo osoa behar da, bigarrenean, soila), inbestidura saioa batean bozketa galdu zuen (erregeak proposatuta) lehen hautagaia bihurtuta.

Gauzak horrela, Konstituzioaren 99. artikulua aipatzen ari dira hainbat forotan, 2019an gertatu zen bezalaxe, hain zuzen, Pedro Sanchezek berak artikulua erreformatu nahi zuela adierazi zuenean, inbestidura blokeatzeko aukerarik ez egoteko. Orduan udalen adibidea ekarri zuen mahaigainera, zerrendarik bozkatuenak gobernatzen baitu, alderdiek edo taldeek behar adina babes biltzea lortzen ez dutenean. Erreforma, azkenik, ez zen egin.

Aurreko guztiak kontuan hartuta, erregearen esku dago irizpidea ezartzea: batetik, boto gehien jaso dituena proposatzea (jakinda ere ez lukeela babesa jasoko inbestidura saioan), ala inbestiduran boto gehien izateko aukera handienak dituen hautagaia proposatzea. Erregearen esku ere badago erabakitzea noiz arte luzatu blokeo egoera, baldin eta badago, Konstituzioak epe bat dagoela zehazten duelako, baina ez zenbatekoa.

Albisteak (2)