Itxi

Nafarroako gobernua

Gobernu akordioari buruzko eztabaidak jarraitzen du Geroa Bairen baitan

EITB Media

Leer en Castellano

Atzo zenbait ahotsek esaten bazuten ere akordioa heltzear zela, Maria Solanak PSNren eta Zurekin Nafarroaren "baikortasun eta poza" apaldu zituen: "momentuz ez gaude puntu horretan", esan zuen.

PSN eta Geroa Bairen arteko bilera, aurtengo ekainean. Argazkia: Efe

Geroa Baik jarraitzen du argitu barik zer erabakiko duen PSNk ostegunean gobernu akordioari buruz egindako azken proposamenaren inguruan, Maria Chivite Nafarroako sozialisten hautagai eta Nafarroako jarduneko presidentearen inbestidura bermatzeko.

Bi taldeek bilera izan zuten herenegun, Zurekin Nafarroarekin batera, eta PSNk hasierako proposamena moldatu zuen bertan, Gero Baik gaur-gaurkoz duen departamentu kopurua mantenduta, Etxebizitzaren ordez Osasun Kontseilaritza eskainita. 

Hala, Geroa Baik proposamena onartuko balu, Landa Garapen eta Ingurumen Kontseilaritza, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaritza, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaritza eta Osasun Kontseilaritza kudeatuko lituzke.

Atzo, Maria Chivite PSNren presidentegaiak esan zuen ez duela Geroa Bairen "baiezkoa ez den beste aukerarik" ikusten, azken proposamena kontuan izanda.

Chiviteren esanetan, "alde guztiek galdu behar dute negoziazio batean", baina "azken proposamen honekin Geroa Bai eroso sentitzea" espero duela gaineratu zuen, guztiek sentitu behar baitute "eroso Gobernuan".

Maria Solana Geroa Bairen bozeramaileak, ordea, apaldu egin zituen Maria Chiviteren inbestidura bermatuko lukeen ustezko akordioaren inguruan PSNk eta Zurekin Nafarroak azken orduotan erakutsitako "baikortasuna eta poza". 

Kazetarien aurrean egindako adierazpenen arabera, "momentuz ez gaude puntu horretan". Gainera, PSNri zuzendu zitzaion argitu zezan "joko-arau zorrotzagoak onartzeko prest ote dagoen, zehatzagoak eta aurreko legealdian izan genituenak baino eraginkorragoak, argi baitago ez zirela nahikoak izan, bete ez ziren urraketak egon zirelako, eta ezin izan ziren bideratu, eta pairatu behar izan genituen".

Gobernua osatzeko akordioa gertu dagoela dioten adierazpenen inguruan galdetuta adierazi zuenez, "akordio on batek ekarriko digu poza, (Gobernuaren) egitura zentzuduna zehazteaz gain, eraginkorra eta Geroa Bairi dagokiona delako".

Foru hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, bigarren bozketan aukeratuko lukete Chivite. Lehen bozketan gehiengo osoa behar da (26 boto), baina bigarrenean nahikoa da gehiengo soila. Hala, eskuineko blokeak (UPN+PP+Vox) dituen 20 eserlekuak baino boto bat gehiago eskuratu behar ditu bloke aurrerakoiak. EH Bilduk baiezkoaren alde egingo balu, 23 boto jasoko lituzke Chivitek: PSNrenak (11), Zurekin Nafarroarenak (3) eta EH Bildurenak (9). Dena dela, Geroa Bairen (7) abstentzioa ere behar du. Uxue Barkosen koalizioak esana du ez duela gobernu aurrerakoi baten aukera zapuztuko. 

Albisteak (4)