RADIO EUSKADI
Geroa Bai Gobernuan egoteak "euskararen aldeko politikak bultzatzea" bermatuko duela ziurtatu du Barkosek
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernua berriro osatuko duten alderdiek hizkuntza politiken inguruan dituzten desadostasunak "agerikoak" direla onartu du Geroa Baiko buruak, baina uste du koalizio abertzalea hirukoan egoteak euskararen alde lanean jarraitzea bermatuko duela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Zaila eta korapilotsua" izan den arren, lortutako akordioak Nafarroan beste lau urtez "gobernu aurrerakoia eta anitza" ahalbidetuko du. Uxue Barkos Geroa Baiko presidentearen adierazpenak dira, atzo Foru Erkidegoan hiruko gobernua berresteko ituna itxi ondoren.
Orain, datorren legealdirako Nafarroako presidentea aukeratzeko inbestidura saiorako prozedura martxan jarriko da. Gaur, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa berriro elkartu dira, 11:00etan, ituna sinatzeko. Azken orduko negoziazioak izanda, "ñabardurak errebisatu behar dira, ez besterik", azaldu du Barkosek.
Ondoren, hedabideen aurrean akordio programatikoaren nondik norakoak azalduko dituzte hiru alderdiok. Xehetasunetan sartu gabe, Geroa Baiko arduradunak azaldu du koalizio abertzalea Gobernuan egoteak "euskararen aldeko politikak bultzatzen jarraitzea" ahalbidetuko duela, hirukoa osatuko duten taldeek alor honetan dituzten ezadostasunak "agerikoak" direla ezkutatu ez badu ere.
Bestalde, Osasungintzan kudeaketa mailako hobekuntzak ez ezik, "gizartearen beharrei erantzungo dion aurrekontua" lortzeko Geroa Baik egindako eskariak nabarmendu ditu Nafarroako presidente izan zenak, eta baita kontrol neurrien inguruan egindako ekarpenak ere.
Negoziazioak ez dira errazak izan. Gobernuan bakoitzak zein alor gidatu behar duen adosteko eztabaidak tenkatu ditu gehien sozialisten eta koalizio abertzalearen arteko elkarrizketak. Hainbat proposamen eta kontraproposamen aurkeztu eta aztertu ondoren, azkenean, aurreko legealdiko organigrama berdintsua adostu zuten atzo: Presidentetza eta zortzi kontseilaritza izango ditu PSNk, lau Geroa Baik eta bakarra Zurekin Nafarroak.