Itxi

Nafarroako Parlamentua

Chivitek gobernu "aurrerakoia" defendatu du, "eskuinen inboluzioaren" aurrean

EITB Media

Leer en Castellano

Bestalde, hautagai sozialistak iragarri du euskarari buruzko akordioa bultzatuko duela, "errealitate soziolinguistikotik abiatuta"

Your browser doesn’t support HTML5 video

Maria Chivite PSNren Nafarroako Gobernurako presidentegaiak defendatu egin du Foru Erkidegoan Exekutibo "aurrerakoia" osatzea, eskuineko alderdiak "inboluzioa" ekartzen eta "eskubideak murrizten" ari baitira.

Chivitek PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdien arteko akordioaren ildo nagusiak zehaztu ditu Nafarroako Parlamentuan, inbestidurako lehen saioan. Gobernua osatzeko negoziazioak "zailak" izan direla baina "bukaera ona" izan dutela nabarmendu du.

Horren esanetan, egun "larrialdi demokratikoan" gaude, eskuineko alderdiek "negazionismoa" ekarri dutelako "genero indarkeria, klima-aldaketa eta aniztasuna" aztertu eta horiei aurre egiteko prozesuan.

Euskara

Euskararen inguruan, Chivitek aurreratu du "akordio sozial eta politiko zabala" sustatuko duela, betiere "errealitate soziolinguistikoa" kontuan hartuta eta "hizkuntza eta eztabaida alderdikoia nahastu gabe".

Era berean, euskarari "errespetu osoa" agertuko diola promestu du.

Euskara polemikaren erdigunean izan da berriz azken egunetan, eragile euskaltzaleek salatu dutelako gobernu-akordioak ez duela aurrerapausorik aurreikusten ofizialtasunaren bidean.

Osasuna, etzebizitza eta ekonomia

Bestalde, hautagai sozialistak iragarri du Osasunaren Foru Legea onartuko dutela 2024an, itxaron-zerrendak murrizteko eta zerbitzuak "zentzuz" erabiltzea sustatzeko.

Chiviteren esanetan, langabezia datuak txikiak dira, "baina beti dago zerbait egiteko", eta, horregatik, "kalitatezko enplegua" bultzatzea lehentasunetako bat izango dela nabarmendu du.

"Etxebizitza duinen sarbidea" bermatzea ere aipatu du Chivitek etorkizuneko erronka gisa.


"Bizitzeko lekurik onena"

Maria Chivite Nafarroako presidentegaiak Foru Erkidegoa "bizitzeko, elkarrekin bizitzeko eta aurrera egiteko tokirik onena izaten jarraitzeko" konpromisoa agertuta amaitu du gaurko inbestidura saioa.

"Nire bizitzaren eta historiaren zati den lurralde hau maite dut", esan du Chivitek, hunkituta. Chivitek agindu du, behar adinako babesa badu, ziurrenik bihar bigarren bozketan gehiengo soilez gertatuko dena, presidente "aurrerakoia, feminista, hurbila eta enpatikoa" izango da.

Arratsaldeko saioan elkarrizketarako eta adostasunerako mezuak ugariak izan dira. Saio horretan presidentegaiak taldeei erantzun die, eta horiek berriro hitza hartu ahal izan dute; oro har, goizean babestutako jarrera eta ideiak berresterko erabili dute txanda alderdiek.

Bideoak (1)