Itxi

Nafarroako Parlamentua

Gobernu berria "zatituta" jaio dela dio UPNk eta "zorrotza" izango dela ohartarazi du EH Bilduk

EITB Media

Leer en Castellano

Geroa Bairen arabera, gobernu akordioak 2015ean hasitako bideari jarraituko dio. Zurekin Nafarroak, bere aldetik, nabarmendu du bere babesa ez dela "txeke zuri bat", bide baten "hasiera" baizik.

Maria Chivite. Argazkia: EFE

Maria Chiviteren inbestidura saioan, UPNk adierazi du Nafarroako Gobernu berria "zatituta" jaio dela, eta EH Bilduk ohartarazi du "zorrotza" izango dela eta legegintzaldi hau ezin dela "aurrekoa bezalakoa izan".

Javier Esparza UPNko presidenteak Maria Chiviteri erantzun dio gobernu aurrerakoi bat baino "Nafarroarentzat atzerapauso izango den gobernu" bat gidatuko duela. Buruzagi erregionalistak kritika gogorra egin dio Chiviteri, besteak beste, bateriak muntatzeko lantegia Volkswagenen Landabengo lantegitik kanpo eraikiko delako: "Nafarroako enpleguaren kontra inoiz egindako atentaturik handiena da". Hyundai Mobisek joan den astean iragarri duenez, ibilgailu elektrikoen bateriak Imarkoainen egongo den fabrika batean egingo ditu eta ondoren Volkswageni salduko dizkio. Bestalde, PSNk UPNrekin gobernua osatzeko aukera zuela nabarmendu du, baina sozialistek ez dutela nahi izan. 

Ramon Alzorriz PSNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Gobernu berria eskuinaren aurrean gotorleku izango da eta "politika positiboan egiteko modu bat" aldarrikatu du.

Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako eledunak iragarri du koalizioak Maria Chiviteren inbestidura ahalbidetuko duela abstentzioarekin, baina edozein kasutan esan du ezin dela erantzukizun guztia EH Bilduren bizkarrean utzi. Halaber, argi eta garbi utzi du hastera doan legegintzaldia ezin dela aurrekoa bezalakoa izan, uste baitu gobernuak ez duela behar bezalako mailarik eman zenbait arlotan. Hori dela eta, eskuinarekin loturak askatzeko garaia dela adierazi du, baita udaletan ere.

Uxue Barkos Geroa Baiko parlamentariak onartu du "neketsua" izan dela PSNrekin eta Zurekin Nafarroarekin ados jartzea, baina azpimarratu du bere koalizioak ez liokeela baldintzarik gabeko baiezkorik emango gobernu akordioari. Halaber, adostasuna "udal guztietara" helaraztea defendatu du. Hiruko gobernuaren arteko desadostasunak ere hizpide izan ditu, eta euskararen arloan esaterako zehaztu du aurrera egitea ez den guztia atzera egitea dela.

Javier Garcia Jimenez Nafarroako PPko presidentearen iritziz, Maria Chivitek ez du ezer berririk esan inbestidurako hitzaldian, gobernu kontinuista izango da eta EH Bilduren aurrean "amore ematen" jarraituko du. Gainera Alderdi Popularrak "oposizio eraikitzailea" egingo duela aurreratu, "espainiarra izateaz harro dagoen Nafarroa horretara itzultzeko". Bestalde, gurasoek seme-alaben hezkuntza eredua aukeratzeko askatasuna izatea eta G eredua Nafarroa osoan ezartzea nahi du.

Zurekin Nafarroako parlamentari den Begoña Alfarok berretsi du baiezko botoa emango diotela Nafarroako Gobernuko presidentegaiari, nahiz eta aitortu duen "anbizio" gehiagoko gobernu akordioa nahiko zukeela.

Maite Nosti Voxeko parlamentariak Chiviteren botere gose "neurrigabea" salatu du eta hauteskundeak irabazi dituen alderdiaren gainetik, "UPNren gainetik" pasatu dela aurpegiratu dio.

Nafarroako Parlamentuan hasi da Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentegai sozialista izendatzeko inbestidura saioa. Hasteko, Maria Chivitek bere gobernu programa azaldu du, denbora-mugarik gabe.

10:15ean amaitu da Chiviteren inbestidurako hitzaldia, eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak ordu erdiz eten du saioa.

Jarraian, talde parlamentario bakoitzak 30 minutu izan du hitz egiteko, eta, ondoren, bazkaltzeko atsedena hartu dute parlamentariek.

Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da, eta Chivitek erantzun ahal izango die.

Segidan, lehen bozketa egingo da eta, aurreikuspenen arabera, ez du gehiengo osoa lortuko. Beste era batera esanda,  proposatutako hautagaiak ez du Parlamentuko kideen gehiengo osoaren babesa (26 boto) lortuko.

Hori dela eta, beste bozketa bat egin beharko da, 24 ordu geroago, eta, beraz, asteartean, presidentegaiak babes nahikoa lortuko du Ganberako kideen gehiengo soila lortzen badu, aldeko botoak kontrakoak baino gehiago. Gobernu ituna sinatu duten hiru alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) 21 boto eman eta EH Bilduk (9) abstentzioaren alde eginez gero, UPNk, PPk eta Voxek batzen dituzten 20 parlamentarien ezezkoa jasota ere, Nafarroako presidente hautatuko dute bigarren aldiz Chivite.

Albisteak (1)