INBESTIDURA
Espainiako erregeak gaur abiatuko du inbestidurarako bilera erronda UPN, CC, EAJ eta Sumarrekin bilduta
AGENTZIAK | EITB Media
Bihar, Voxen (10:30), PSOEren (12:00) eta PPren (16:00) txanda izango da. ERCk, EH Bilduk, Juntsek eta BNGk uko egin diote Espainiako erregearekin elkartzeari.
Felipe VI.a Espainiako erregeak gaur abiatuko du inbestidurarako aukerak aztertzeko bilera erronda Diputatuen Kongresuko alderdiekin. Goizean, UPN (10:30) eta Coalicion Canaria alderdietako ordezkariekin elkartuko da, eta arratsaldean, EAJ (16:00) eta Sumarrekoekin. Bihar, Vox (10:30), PSOE (12:00) eta PPkoak (16:00) hartuko ditu.
Bestalde, ERCk, EH Bilduk, Juntsek eta BNGk uko egin diote Espainiako erregearekin elkartzeari.
Bilera erronda amaitu ondoren, Gobernuko presidente izendatzeko hautagaia proposatuko du Estatuburuak, inbestidura gaindituko duen hautagai argirik ikusten badu. Oraingoan, egoera berezi baten aurrean egongo da Felipe VI.a; izan ere, bai PPko burua, bai PSOEko idazkari nagusia, inbestidurara aurkezteko prest agertu dira. Oraingoz, ordea, bietako batek ere ez du gehiengoa izateko akordio nahikorik lortu.
Lehen errondaren ondoren inor ez proposatzea erabakiko balu, beste bilera sorta bat deitu ahalko du erregeak, egun batzuk geroago.
Estatuburuak proposatutako hautagaia inbestidurara aurkeztuko da. Diputatuen Kongresuan egingo den saioaren data hautagaiak berak eta Mahaiko presidenteak adostuko dute. Lehen bozketan gehiengo absolutua beharko luke. Lortu ezean, beste bozketa bat egingo da 48 ordu geroago, eta gehiengo sinplea baino ez da beharko orduan, aldeko boto gehiago kontrakoak baino.
Halaber, azken bozketa horrek zehaztuko luke hauteskundeak errepikatzeko balizko eguna, baldin eta hautagaiak ez badu presidente izendatzea lortzen. Inbestidura saioa iraileko lehen hamabostaldian egingo balitz, Eguberri egunaren eta Urteberri egunaren artean egingo lirateke hauteskundeak.
PSOE eta PP, mokoka
Bitartean, Espainiako bi alderdi nagusiek aurrez aurre jarraitzen dute, balizko hautagaiaren kontura. Atzo Cuca Gamarra Alderdi Popularreko idazkari nagusiak azpimarratu zuen Alberto Nuñez Feijook zilegitasun osoa duela inbestidurara aurkezteko, "Felipe VI.ak eskatzen badio", eta PPren izaera instituzionala berretsi zuen, baita monarkiarekiko eta parlamentarismoarekiko duen konpromiso eta errespetua ere.
Felix Bolaños Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko jarduneko ministroaren ustez, aldiz, "barregarria" da Feijoo inbestidurara aurkezteko kontuarekin "tematuta" egotea, eta Voxek aurkeztutako "Ramon Tamamesen zentsura-mozioa gogoratuko du", gaineratu zuen.