Itxi

Inbestidura

Feijook iragarri du Sanchezi deituko diola bilera bat egiteko eta PSOEk onartu egin du hitzordua

EITB Media

Leer en Castellano

Borja Semperren hitzetan, herritarrek bozkatutakoa errespetatu eta "instituzionaltasuna" berreskuratzeko "erantzukizuna" dute PSOEk eta PPk. Bi buruzagien arteko batzarrak "Espainiako politikagintzan bide berria zabaltzeko" aukera emango luke.

Semper, prentsaurrekoan. Argazkia: EITB Media

Alberto Nuñez Feijoo PPko buru eta Espainiako Gobernuko presidentegaiak Pedro Sanchez jarduneko presidenteari deituko dio "datozen orduetan" inbestidurari begira bilera bat egin asmoz.

Hala iragarri du gaur eguerdian Borja Semper PPko Kultura eta Gizarte Irekiaren idazkariordeak, alderdiaren Zuzendaritza Batzordearen bileraren ostean egindako prentsaurrekoan.

Semperrek baieztatu egin du indar politikoekin egingo duten bilera-sorta, EH Bildurekin izan ezik; izan ere, horren hitzetan, koalizio abertzalea "ez da beste edozein indarren parekidea, erailtzeak justifikazio politikoa duela uste baitu". Feijooren asmoa talde eta erkidegoetako presidente guztiekin biltzea da.

Politikari 'popularraren' arabera, PPk eta PSOEk "erantzukizuna" dute herritarren agindua errespetatzeko eta "instituzionaltasuna" berreskuratzeko. Semperrek gaineratu du bilera horrek "Espainiako politikan bide berri bat urratzeko" balio beharko lukeela.

Semperren hitzetan bilera horretan Feijook Sanchezi adierazi dio ez dela "zentzuzkoa" presidente izatea, edozer gauza independentisten esku utzita, eta Espainiak aurrera egin dezan beste aukera batzuk "aztertu" behar direla.

PSOEk Feijoorekin biltzea onartu du

Semperren iragarpenaren ostean, PSOEk Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiarekin biltzea onartu du, Pilar Alegria PSOEko jarduneko bozeramaile eta Hezkuntza ministroak adierazi duenez.

"Deitzen badigute, joango gara, baina lehenenengo deitu egin beharko digute", adierazi du Ferrazen, eta PPri eskatu dio PSOE "iraintzeari" uzteko. Hori bai, Alegriak ez du baieztatu Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea izango denik Feijoorekin elkarrizketatuko dena, PPko buruak eskatu bezala, edo alderdiko beste norbait.