Itxi

Feijoo-Sanchez bilera

Feijook bi urteko legegintzaldia eskaini du, baina Sanchezek errefusatu egin du

E. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Batzarra amaituta, Feijook azaldu du PPren Presidentetza errazteko eskatu diola PSOEko buruari. Bi urteko legegintzaldia eskaini dio, estatu mailako sei gairen inguruan akordioa lortuta. Pilar Alegria sozialisten eledunak iragarri du ez dutela Feijooren "alferrikako" inbestidura babestuko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteari "argi" geratu zaio, bere hitzetan, Pedro Sanchez PSOEren buruzagi eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak "nahiago" duela "independentistekin akordioa lortu eta horien exijentziak (amnistia eta errefendumak, besteak beste) nola bete bilatzea" PPk proposatutako estatu-ituna onartzea baino. 

PPko buruzagiak agerraldia egin du eguerdian, Sanchezekin ordubetez bilduta egon ostean. Irailaren 26ko inbestidura saiorako babesak lortzeko asmoz, PSOEren buruarekin abiatu du Feijook Kongresuko taldeekin (EH Bildu salbu) egin asmo duen bilera-erronda. 

Feijook deitoratu duenez, bere proposamenari "ezezko borobila" eman dio Sanchezek, eta azpimarratu du "eginahalak" egingo dituela bere helburua lortzeko, hots, "espainiar guztien berdintasuna bermatzea". 

Feijooren ustez, "independentismoa harrotuta" dabil, U23ko "botoen % 6 baino ez bada ere", Espainiaren gobernagarritasuna "baldintzatzeko" eta "estatu-politikak erabakitzeko" ahalmena du. Ifrentzuan, berak "PP eta PSOE bi alderdi nazionalen erantzukizun historikoari" dei egin dio Gobernua osatzeko. Horrenbestez, eta sozialistekin dituen ezberdintasunak "asko" badira ere, "idatziz alternatiba" helarazi dio Pedro Sanchezi: bi urteko legegintzaldi bat proposatu dio, "estatu mailako sei gairen inguruan" ituna eskatuta. 

Hauek dira PSOEko buruari helarazitako akordio proposamenak: Espainiako erakundeen "eraberritze demokratikoa", justizia tartean; ongizate gizartean aldeko ituna, osasuna, hezkuntza, berdintasuna eta pentsioak ardatz direla; "onbideratze ekonomikoa"; familien aldeko itun bat, kontziliazioa sustatzeko; uraren aldeko itun nazionala, eta, azkenik, "Konstituzioak jasotako nazio espainolaren lurralde osotasuna defendatzeko akordioa", independentzia eta amnistia eskaerak baztertuta.

Feijoo eta Sanchez, bileraren hasieran. Argazkia: EFE

Kazetarien galderei erantzunez, Feijook esan du baztertu egin duela Sanchezek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko egindako proposamena. Iturri sozialisten arabera, inbestiduran nor gailentzen den gorabehera, epaileen organo gorena 2024a baino lehen berritzeko proposamena egin dio Sanchezek Feijoori. 

Azkenik, Feijook iragarri duenez, gaur bertan hitz egingo du Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Kongresuko taldeekin zein presidente autonomikoekin abiatu duen bilera sortaren barruan. Urkulluk atzo esan zuen PPko buruarekin harremanetan jartzeko asmoa zuela (mezua bidali zion WhatsApp bidez, baina Feijook ez omen zuen ikusi). Dena dela, gaur arratsalderako egin dute hitzordua: 

PSOE: "Ez dugu Feijooren inbestidura babestuko"

Pilar Alegria jardunean den Espainiako Gobernuko bozeramaileak egin du PSOEren balorazioa. Horren esanetan, Feijoorekin bildu ondoren PSOEren zuzendaritza federala batzartu du Sanchezek, eta erabaki bat hartu dute: sozialistek ez dute PPko buruaren inbestidura babestuko. Feijoo "sanchismoa indargabetzen saiatuko da, baina pertsuasio dohainak falta izan zaizkio", esan du ironiaz. 

Hezkuntza ministro ere badenak nabarmendu du Feijoorena "alferrikako inbestidura" izango dela, eta errespetua eskatu dio PPri, sozialisten artean "transfugismo dei etengabeak" egin baitituzte. 

Alegria, agerraldian. EITB MEDIA

Bideoak (1)