Inbestidura
Juntsek asteartean egingo du bere proposamena: "Ez dugu negoziaziorik martxan inorekin ere"
Agentziak | EITB Media
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak argitu du ez dutela amnistia proiekturik aurkeztu inon, eta hitz egitea ez dela negoziatzea.
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts per Catalunyako (JxCAT) buruaren hitzetan, "ez dugu inorekin negoziaziorik martxan", eta ez dutela amnistia proiekturik aurkeztu erantsi du. Horrela, iragarri duenez, Juntsek asteartean, hilaren 5ean, egingo du inbestidura negoziatzeko bere proposamena.
"Kongresuko Mahaia osatzeko akordioa adostu zenetik 15 egun igaro direnean, informazio itxura hartu duten espekulazio ugari azaldu dira, eta ziurrena, konklusio okerren bat eragin dezake, laster argitu beharrekoak", idatzi du X sare sozialean (lehen, Twitter).
Puigdemontek argitu duenez, "logikoa den bezala, aktore politikoekin elkarrizketak ditugu", baina "gehienak aurreko legegintzaldian abiatutakoak dira".
Ohartarazi duenez, baina, elkarrizketa eta negoziazioa "ez dira nahastu behar", ez baitira sinonimoak.
Quinze dies després de l’acord per a la mesa del Congrés dels Diputats, la quantiat d’especulacions en forma d’informació que han anat apareixent porten, probablement, a algunes conclusions errònies que caldrà aclarir aviat. No hi ha cap negociació en marxa amb ningú, ni s’ha…
— krls.eth / Carles Puigdemont (@KRLS) August 31, 2023
"Negoziazio ororen aurretik elkarrizketa dago; negoziazioaren oinarria ezar dezake, edota negoziaziorako tarterik ez dagoela egiaztatu. Hori datozen egunetan ikusiko dugu", azaldu du.
Puigdemonten hitzetan, Juntsek hartu-emanak erantzukizunez eta diskrezioz izango dituela agindu zuen, baina "ezin da eragotzi beste batzuek hitz egitea eta asmakizunak zabaltzea".
Horren aurrean, asteartean, irailaren 5ean, Juntsek inbestidurako negoziaziorako duen proposamenaz "informazio zuzena" emango duela iragarri du. 11:00etan izango da hitzordua, Bruselan.