Itxi

Kataluniako Diada

Dozenaka mila pertsona kalera atera dira amnistiak markatutako Diada egunean

EITB Media

Leer en Castellano

ANCren arabera, 800.000 lagun izan dira manifestazioan, eta Bartzelonako Udaltzaingoak 110.000ra jaitsi du kopurua. Edonola ere, esperotakoa baino jende gutxiago izan da martxan.

Argazkia: EFE

Milaka eta milaka pertsona (800.000 ANCren arabera eta 110.000 Udaltzaingoaren esanetan) kalera atera dira gaur Bartzelonan, Diada eguneko manifestazioan. Aurten, Espainiako Gobernua gidatuko duen presidentearen inbestidurarako negoziazioek eta amnistia aldarrikapenek baldintzatuta etorri da deialdia.

ANCk azken urteetako manifestazio jendetsuena egin nahi zuen, baina azkenean emaitza aurkakoa izan da, aspaldiko parte-hartze txikiena izan baitu.

Aurten ere, independentisten arteko zatiketa estrategikoak agerian geratu dira; izan ere, ERCk, JxCatek eta Omniumek amnistia eta autodeterminazioa negoziatu nahi dituzte, baina ANCk eta CUPek errezeloa dute Estatuarekin ezer negoziatzeko.

Horren ildotik, manifestazioa bukatu eta gero Espainia plazan egindako agerraldian, Dolors Feliu ANCko presidenteak ohartarazi du independentziaren bidean pausoak emateko baino ez duela babestuko Madrilekin akordioak egitea.

"Independentzia edo blokeoa edozein ituni; independentzia edo ezer ez; independentzia edo hauteskundeak", esan du Feliuk, ERCri eta JxCati zuzenduta.

Bien bitartean, hiriaren beste puntan, CUPek manifestazio propioa egin du. Horretan, bi alderdi independentista nagusiak kritikatu ditu, "Madrilera zaborrak negoziatzera" joateagatik, "CIU zaharrak egiten zuen bezala".

Iaz, ERCk uko egin zion Diadako manifestazioan parte hartzeari, ANCrekin ika-mikak izan eta gero, baina aurten joan egin dira. Martxaren aurretik egindako ekitaldian, Pere Aragones Generalitateko presidenteak azpimarratu du amnistia "lehen urratsa" dela erreferendumaren bidea zabaltzeko. Manifestazioan, hainbatek "Generalitatea, dimisioa" esan diote oihuka.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izateko negoziazioetan protagonista izaten ari den JxCatek "inozoak" ez izateko eskatu du, eta bere alderdiak ez diola ezeri uko egingo ohartarazi du Jordi Turull idazkari nagusiak.