Itxi

EUSKO LEGEBILTZARRA

Legealdi honetako politika orokorreko azken eztabaida hartuko du gaur Eusko Legebiltzarrak

EITB MEDIA

09:30ean hasiko da osoko bilkura, lehendakariaren hitzaldiarekin, eta, ohi bezala, talde parlamentarioen agerraldiak eta erreplikak arratsaldean izango dira. eitb.eus atariak zuzenean emango du saioa, osorik.

Politika orokorreko eztabaida, iaz. Argazkia: EFE

Legealdi honetako politika orokorreko azken eztabaida egingo da gaur Eusko Legebiltzarrean, 09:30ean hasita. Iñigo Urkullu lehendakaria izango da hitza hartzen aurrena, eta gehienez 120 minutu izango ditu azalpenak emateko. Zuzenean eskainiko du osoko bilkura eitb.eus-ek, lotura honetan.

Eusko Jaurlaritzak asteon aurreratu ditu lehendakariaren hitzaldiaren ildo nagusiak. Euskara, autogobernua eta Euskadiren parte-hartzea Europar Batasunean izango dira Urkulluk datozen hilabeteotarako mahai gainean ipiniko dituen lehentasunak. Atzera begira ere jarriko da, eta legealdiaren balantze gazi-gozoa egingo du, pandemia edota Ukrainako gerra tarteko, kostu humanoa, emozionala eta sozioekonomikoa handia izan dela uste baitu.

Behin lehendakariak bere diskurtsoa amaituta, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Bozeramaileen Batzordeari entzun ondoren, bilkura bertan behera uztea erabakiko du. Ohi bezala, talde parlamentarioen txanda arratsaldean izango da, eta baita erreplikena ere. 

Talde bakoitzak 30 minutuko tartea izango du hitz egiteko, eta lehendakariak banan-banan edota denei batera erantzungo die. ONdoren, taldeetako ordezkariek hitza hartzeko aukera izango dute berriro, gehienez 10 minutuz.

Kritikak

Astelehenean aurreratu zituen Urkulluk gaurko hitzaldiko giltzarriak, eta berehala iritsi zitzaizkion oposizioko taldeen zein gobernukide sozialisten kritikak. 

PSE-EEk argi adierazi zuen ez duela onartuko subiranotasunaren aldeko keinurik txikiena ere, eta konbentzio konstituzionala eratzeko proposamenarekin lehendakaria indarrak alferrik xahutzen ari dela iritzi zioten sozialistek.

Oposizioko taldeei dagokienez, EH Bilduk esan zuen Urkulluk urtero politika orokorreko eztabaidaren atarian lurralde ereduari buruzko proposamenak iragartzen dituela, ondoren kaxoian gordetzeko.

Era berean, Elkarrekin Podemos-IUk ere salatu zuen lehendakariak autogobernu gehiago eskatzen duen bitartean, betiko politikak egiten dituela eta ez duela ezer aldatzeko borondaterik.

Alderdi Popularrak, bere aldetik, politika orokorreko eztabaidara "bere ateraldiekin" joatea leporatu zion Eusko Jaurlaritzako buruari. Lurraldetasuna herritarren kezken artean agertu ere ez dela egiten nabarmendu zuten popularrek.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)