Batzar Nagusia
EUDELek bere gobernu-organoak berrituko ditu gaur, Esther Apraiz presidente izendatuz
EITB Media
Batzarra 12:00etan hasiko da Donostiako Tabakaleran. Horrela, Derioko alkateak hartuko du Gorka Urtaranen lekukoa. Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Azpeitiako eta Irungo alkateek, hurrenez hurren, presidenteorde karguan jarraituko dute.
Esther Apraiz Derioko alkateak jeltzalea Gorka Urtaranen lekukoa hartuko du gaur, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak Donostiako Tabakaleran egingo duen urteko batzar nagusian. Gobernu-organoak berritzeko bilera 12:00etan hasiko da, eta ateak itxita egingo dute.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta talde independenteek erakundea berritzeko akordioa adostu zuten iragan astelehenean, irailak 11.
Nagore Alkorta (EH Bildu) eta Jose Antonio Santano (PSE-EE) Azpeitiko eta Irungo alkateek, hurrenez hurren, presidenteorde karguan jarraituko dute. Hala, maiatzaren 28ko udal hauteskundeak egin zirenetik lau hilabete bete aurretik berrituko du bere organigrama EUDELek.
Gaur egingo den batzarrean, batzorde exekutiboa (15 ordezkari ditu) eta hiru lurralde batzordeak (9 ordezkari bakoitzak) berrituko dituzte EUDEL osatzen duten 245 udalerriek. Apraiz, Alkorta eta Santanoren hautagaitza alkate hauek osatzen dute: EAJko Nati Lopez de Muniain (Burgu), Maialen Gurrutxaga (Elgoibar), Jon Luqui Albisu (Urretxu), Erlantz Urresti (Jatabe) eta Txerra Molinuevo (Amurrio); EH Bilduko Iñigo Hernando (Galdakao), Txelo Auzmendi (Asparrena), Xabier Lertxundi (Hernani), Eneritz Azpitarte (Zaldibar) eta Izaro Elorza (Oñati); PSE-EEko Mikel Torres (Portugalete); eta, talde independenteak ordezkatuz, Joseba Zorrilla Ruiz (Zalla Bai elkarteko kidea).