Itxi

UDAL-HAUTESKUNDEAK

Nafarroako 38 herritan udal-hauteskundeak deitu dituzte azaroaren 26rako

EITB MEDIA

Maiatzaren 28ko bozetan hautagaitzarik aurkeztu ez zelako edota emaitzak baliogabetu zirelako udalak oraindik eratu gabe dituzten herriak dira.

Izaba, artxiboko irudi batean. Argazkia: Sabino de Bilbao Atxa

Espainiako Gobernuak udal-hauteskundeak deitu ditu azaroaren 26rako Nafarroako 38 udalerritan. Maiatzaren 28ko bozetatik, udal gobernurik gabe daude herri horietan, hautagaitzarik aurkeztu ez zelako edota emaitzak baliorik gabe utzi zituztelako. 

Burgosko lau udalerritan eta Segoviako eta Teruelgo banatan ere deitu dituzte hauteskundeak egun berean, arrazoi beragatik. Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko jarduneko eledun eta Lurralde Antolamenduko ministroak eman ditu prozesuari buruzko xehetasunak, eguerdian Ministroen Kontseiluaren ondoren egin duen agerraldian.

Jakinarazi duenez, hauteskunde kanpainak 15 egun iraungo du, eta azaroaren 10etik 24ra egingo da. "Estatuko Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoan aurreikusten den ohiko izapidea da, eta helburua da maiatzean egindako udal-hauteskundeen prozesua amaitzea", azaldu du.

Lege horren arabera, hautagaitzarik aurkeztu ez zen udaletan edota Hauteskunde Batzordearen erabakiz emaitzak baliogabetu zirenetan, sei hilabeteko epean hauteskundeak deitu behar dira. 

Halaber, Barne Ministerioak jakitera eman du egun horretan bertan hauteskundeak errepikatuko direla zinegotziak aukeratzeko irregulartasunak atzeman ziren bederatzi mahaitan.

Nafarroako herri hauetan egingo dituzte hauteskundeak azaroaren 26an: Aribe, Auritz, Burgi, Eslaba, Ezkaroze, Garde, Garralda, Hiriberri, Izaba, Itzaltzu, Nabaskoze, Orbaizeta, Orotz-Betelu, Zare, Sartze, Urzainki, Uztarroze, Bidankoze, Aranaratxe, Bargota, Deikaztelu, Etaiu, Legaria, Lezaun, Arantza, Areso, Atetz, Beraskoain, Eratsun, Iturmendi, Muruzabal, Tirapu, Urroz, Uterga, Zubieta, Barasoain, Beire eta Orisoain.