Katalunia
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak argi berdea eman dio ERC eta JxCaten erreferendumaren ebazpenari
Agentziak | EITB Media
ERC, JxCat eta CUP alderdiek erreferendumari eta amnistiari buruz adostutako testuen aurka Voxek eta Ciudadanosek egindako berraztertze-eskaerak atzera bota ditu.
Kataluniako Parlamentuko Mahaiak atzera bota ditu ERCk eta JxCatek erreferendumari buruz eta ERCk, JxCatek eta CUPek amnistiari buruz emandako ebazpenen aurka Voxek eta Ciudadanosek egindako berraztertze-eskaerak, ganberako iturriek jakitera eman dutenez.
Hala, bi testu horiek gaur, ostirala, taldeek aurkeztutako ebazpen-proposamenen bozketarekin amaiutuko den Politika Orokorrari buruzko Eztabaidara iritsiko dira.
Atzo, ERCk eta JxCatek Pedro Sanchezen inbestidurari begirako testu bat adostu zuten, hura babesteko ezinbesteko gisa jarriz "erreferendum baterako baldintzak gauzatzeko lan egiteko konpromisoa" agertzea hark.
ERCren eta JxCaten testuak ordea, PSOEren eta PSCren erantzun bateratua jaso du bart, eta ohar baten bidez alderdi independentistei ohartarazi diete hausturaren eta desadostasunaren bidetik ez dagoela "aurrerapausorik", eta elkarrizketaren eta bizikidetzaren aldeko apustua berretsi dute, "beti Konstituzioaren barruan".
Parlamentuko Mahaiak argi berdea eman dio, halaber, hiru alderdi independentisten (ERC, JxCat eta CUP) amnistiari buruzko proposamenari. Bertan, Kataluniako Gobernuari "beharrezko ekintza guztiak" egiteko eskatu diote, "arrazoi politikoengatik" eta "eskubideak eta askatasunak gatazka sozial eta politikoaren esparruan defendatzeagatik". errepresaliatutako guztiak amnistian sartzeko.
Politika Orokorrari buruzko Eztabaidaren azken saioa ostiral honetan izango da Parlamentean. Han ikusiko da, besteak beste, ganberak Pere Aragonesengan eta bere Gobernuarengan duten konfiantza maila.