Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ramiro Gonzalezek ez du "zerga iraultzarik" beharrezko ikusten

E. Lotina | EITB Media

Leer en Castellano

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketan, Arabako ahaldun nagusiak azaldu du abiapuntu batetik abiatu behar direla: EAEko zerga-sistema "ona da", "lehiakortasun ekonomikoa eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen dituelako".

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, 'Boulevard' irratsaioan. Irudia: Radio Euskadi

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ez du "zerga iraultzarik" beharrezko ikusten, eta ez du uste "galtzerdiari buelta eman behar zaionik".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, ahaldun nagusiak esan du erreforma fiskala "orain orri zuri bat" dela eta abenduaren amaieran ezagutuko duten ebaluazio eta analisi baten zain daudela.

Gonzalezen hitzetan, abiapuntu batetik abiatu behar da: Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistema "ona da", "lehiakortasun ekonomikoa eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzen dituelako". Arabako ordezkariaren ustez, Euskadiko zerga-sistema "progresiboa da; hemen gehiago ordaintzen du gehien duenak".

Diru-bilketari dagokionez, agintariak aurreratu du Arabako Ogasunak berea % 6 handitu zuela abuztuan, iazko hilabete beraren aldean. Hala, 2023rako egindako aurreikuspenak betetzea espero du Gonzalezek.

2024ko aurrekontuei dagokienez, zorra geldiarazten saiatuko direla azpimarratu du, baina, hala ere, "aurrekontu onak" izango ditugula ziurtatu du.

Bestalde, igandean Lantziegon izandako lan-istripua dela-eta atsekabetuta agertu da Gonzalez; izan ere, bi langile hil ziren herriko upategi batean. Buruzagiak "besarkada handi bat" bidali die hildakoen familiei, eta "animoak" eman dizkio herri osoari. Atzokoa "oso egun gogorra" izan zela onartu du.

Nahiz eta nabarmendu horrelako istripuak gero eta gutxiagotan gertatzen direla eta profesionalek horiek ez gertatzeko baliabide teknologikoak dituztela, Gonzalezen ahotan, "zaila da" ez gertatzea, anhidrido karbonikoak ez baitu abisatzen bere presentziaz, "ez baitu usainik".

Azkenik, Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegiaren etorkizuna izan du hizpide. Ramiro Gonzalezen hitzetan, Alemaniako multinazionalak "oso apustu sendoa" egin du Gasteizko fabrikaren alde, "erakundeek lagunduta".

Horregatik, "konfiantza handia" agertu du lantegiaren etorkizunean. Nolanahi ere, agintariak gogorarazi du elektrifikazioak "urte batzuk" beharko dituela, eta horregatik uste du egokia dela EBk hartutako azken erabakia: "Zorrotzak izan behar dugu klima-aldaketaren aurkako neurriekin, baina baita errealistak ere".