Itxi

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Egibarrek onartu du "porrota" litzatekeela Hezkuntza Legeak EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren babesa ez lortzea

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gauzak horrela, azken unera arte saiatuko dira akordioa erdiesten. "Ez naiz eskema horretatik aterako, zuzenketak era bateratuan aurkeztea da asmoa. Hasierako abiapuntutik nola irten ginen kontuan edukita, porrota litzateke EAJ, PSE-EE eta EH Bildu, hiruok, hor ez egotea", berretsi du.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

EAJren Legebiltzarreko bozeramaile eta Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarren bisita jaso dute asteartearekin Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Hezkuntzaren lege proiektuari zuzenketak jartzeko epea bukatzen den egunean bertan, onartu du "porrota" litzatekeela EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesa ez lortzea.

"Zuzenketak era bateratuan aurkeztea da asmoa, eta horretarako oraingoz ez dago itunik. Helburua da hiru alderdien babesa izatea, eta eskema horretatik ez naiz aterako. Zuzenketak aztertuko ditugu, ebatzi eta aurrera egiten saiatuko gara. Hiru alderdien babesik gabe, nahikotasuna izango luke legeak, baina hasierako abiapuntutik oso urruti legoke. Azken muturreraino eraman behar dugu. Lege hau guztion apustua izan behar da, eta horretarako adostasuna behar dugu", esan du.

Alberto Nuñez Feijook inbestidura saioan EAJri buruz esandakoak ere hartu ditu mintzagai. Popularrek EAJri Gipuzkoan gobernatzeko aukera eman diotela bota zion Feijook, orduan. Egibarrek erantzun dio PPrekin ez dutela inongo akordiorik egin. "Bi hautagai zeuden, eta PPk, gure aldeko boto batekin, erabaki zuen Eider Mendoza babestea, baina ez da inolako akordiorik egon", azpimarratu du.

Azken hauteskundeetako EAJren emaitzek (udal eta foru bozketan eta Espainiakoetan) alderdian eragin duten ezinegonaz ere aritu da Egibar. "Lanean buru-belarri egon gara, baina ez dugu asmatu gizartean ematen ari ziren beste kontu batzuk behar bezala antzematen", aitortu du. "Gure herrian aspalditik etxekalte asko ditugu. Populismoari aurre egin behar zaio eta zuzen-zuzenean erantzun, formatu berdinetan. Pankarta asko dago, eta ikusten dugu sektore publikoa, adibidez, greban jarri dutela. Ez al da adierazgarria? Estrategia da zerbitzuak gainbeheran doazela esatea", nabarmendu du.

Gauzak horrela, iritzi dio "antzeko leloekin" etengabe dabiltzan horiei erantzun egin behar zaiela: "Ez dugu gure instituzioetan barruan geratuta hori konponduko, tokatzen baldin bada momenturen batean kalean ere egon beharko dugu. Protesta asko jaso izan ditugu gure egoitza aurrean, baina nik ere badakit non dauden beste batzuen egoitzak. Aski da! Esan diezaiegun herritarrei egia, arazoak ditugula, baina ezker abertzaleak darabilen estrategia hau oso arduragabea da. Ez du barkamenik, gaiztakeriaz ari dira jokatzen, eta horrek harremanak urruntzen ditu. Dena den, zuzen-zuzenean hitz eginda, uste dut ulertzeko modua izango dugula", bukatu du.

Audioak (1)