Itxi

Alderdi Popularra

Euskadiko PPk azaroaren 4an egingo du Carlos Iturgaiz ordezkatzeko kongresua, Gasteizen

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Javier de Andres PPko diputatuak bertan hautagaitza bakarra aurkeztearen alde egin du, "edozein dela ere", "guztiontzat ona izango litzatekeelako", bere ustez.

Euskadiko PPren Zuzendaritza Batzordea gaur, Gasteizen. Irudia: EITB

Euskadiko PPk azaroaren 4an egingo du Carlos Iturgaiz egungo presidentearen ondorengoa izendatzeko kongresua, Gasteizen.

Kongresuaren data gaur iragarri du Iturgaizek berak, Euskadiko PPren Zuzendaritza Batzordearen aurrean egindako agerraldian. Bertan izan da Miguel Tellado Alderdi Popularreko Lurralde Antolaketako idazkariordea.

Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidentea izango da Iturgaizen ordezkoa izendatzeko biltzarraren batzorde antolatzailean.

Javier de Andres PPko diputatuak kongresu horretan hautagaitza bakarra aurkeztearen alde egin du, "edozein dela ere", "guztiontzat ona izango litzatekeelako", bere ustez.

Euskadiko PPren Zuzendaritza Batzordeak Gasteizen egingo duen bileran parte hartu aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, ez du argitu azkenean alderdiko presidente izateko hautagaia izango den ala ez.

"Gaur Carlos Iturgaizen eguna da, hark azalduko dizkigu kongresuaren nondik norakoak, eta berak azaldu beharko du zein den bere etorkizuna; beraz, gaur entzun egingo diogu", berretsi du.

Nolanahi ere, "hautagaia edozein dela ere", "hautagaitza bakarra" aurkeztearen alde egin du. "Hori guztiontzat izango litzateke ona", azpimarratu du Arabako ahaldun nagusi eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari izan zenak.

Euskadiko PPko iturriek gaur jakitera eman dutenez, De Andres proposatu du Genovak, eta biltzar bidezko kongresua egitea erabaki du, aurretik aukeratutako konpromisarioekin egin beharrean.

De Andresek baimena izango du EAEko PPren zuzendaritza osatzeko. Bizkaitarrek "pisu espezifikoa" izan nahi dute bertan, Idazkaritza Nagusia eskuratuta. Horretarako, Eduardo Andrade proposatuko dute, Bizkaiko PPren egungo idazkari nagusi eta Getxoko PPko bozeramailea.