Itxi

INBESTIDURA

Milaka pertsona elkartu dira Bartzelonan amnistiaren aurka, PPren eta Voxen babesean

agentziak | eitb media

Leer en Castellano

Societat Civil Catalanak deituta, "Ez nire izenean: ez amnistiarik ez autodeterminaziorik" lelopean ari dira manifestazioa egiten.

Amnistiaren aurkako manifestazioa Bartzelonan. Argazkia: EITB

Milaka pertsona (50.000 Udaltzaingoaren arabera) elkartu dira gaur Bartzelonako erdigunean Societat Civil Catalanak deituta Pedro Sanchezek, inbestidura lortzeko, 2017ko 'proces'eko auzipetuei amnistia ematearen aurka, eta PPko, Voxeko eta Ciudadanoseko buruzagi nagusiek babestuta.

Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagia, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea, Juanma Moreno Andaluziako presidentea, Fernando Lopez Miras Murtziako presidentea, Jorge Azcon Aragoiko presidentea, Jose Luis Martinez Almeida Madrilgo alkatea, Alejandro Fernandez PPCren presidentea, Santiago Abascal Voxen buruzagia, Adrian Vazquez Ciudadanosen idazkari nagusia eta Carlos Carrizosa Ciudadanosen Kataluniako buruzagia bertaratu dira manifestazioan, besteak beste.

Gracia pasealekuan abiatu da martxa eguerdian, eta Espainiako banderak dira nagusi, bandera erraldoi batekin batera, eta "Ez nire izenean: ez amnistiarik ez autodeterminaziorik" leloa zeraman pankartaren atzean. "Puigdemont espetxera" izan da gehien entzun den aldarrikapena.

Elda Mata Societat Civil Catalanaren presidenteak esan du balizko amnistia "mesede politikoak" lortzeko "aberrazio inkonstituzionala" izango litzatekeela.

Alberto Núñez Feijóo PPren buruak PSOEk manifestazioan ez partehartzea kritikatu du Bartzelonara iritsi denean: "Alderdi Sozialista da falta dena. Negozioa egiten ari da, eta negozioa Gobernuaren Presidentzia da, zazpi boto independentistaren truke, galtzaile izan ostean".

Manifestazioa hasi baino lehenago adierazi duenez, gaurko protesta ekitaldian iritzi desberdineko jendea elkartuko da, baina bat egiten dute gauza batzuetan: "Bai herritarren askatasunari, bai emandako hitzari, bai printzipiodun politikari, bai Konstituzioari, bai Estatutari, eta bai Alderdi Sozialistak bazterrean utzi dituen kataluniar guztiei".

Horren harira, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak Sanchezi esan dio inork ezin duela "zazpi botoren truke nazioaren etorkizuna aldatu".

EAEko ordezkari popularra Laura Garrido izan da, PPren idazkari nagusia, eta Pedro Sanchezi "aski da" esatera joan omen da, "agintean jarraitzeko gehiegikeria bat" egin behar duela iritzita.

Santiago Abascal Voxen buruzagiak, berriz, azpimarratu du "nahitaezkoa" zela gaur Bartzelonara joatea "sufritzen ari diren kataluniarrei eta urduri dauden espainiar guztiei babesa ematera".

Abasacalek esan du Sanchezek egin nahi duena Konstituzioaren eta "jende ondraduaren aurkako erasoa" dela.

PPk irailaren 24an Madrilen egin zuen manifestazioaren ondoren iritsi da gaurkoa, 14:00ak aldera Gracia pasealekuak Kale Nagusiarekin bat egiten duen lekuan amaitu dena.

 

Albisteak (3)