Elkarrizketa
Anduezak onartu du ez diola aparteko kezkarik sortzen EH Bildu Hezkuntza Legearen akordiotik kanpo geratzeak
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Hizkuntzen aferaz haratago, badira PSE-EEko idazkari nagusiari kezka handiagoa sortzen dioten beste bi kontu: euskal eskola publikoa indartzeko beharra eta ikasleen errendimendua edota ikasgeletako emaitzak hobetzeko premia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza ETB-1eko "Egun On" saioan izan da gaur, asteartearekin, Hezkuntza Legearen proiektuari aurkeztutako zuzenketen harira sortutako polemikaz jarduteko. Elkarrizketan, Anduezak esan du ez diola aparteko kezkarik sortzen EH Bildu akordiotik kanpo geratzeak. "Nork bere kalkuluak egiten ditu, beraz, bakoitzak jakingo du zer egiten duen", adierazi du horri buruz galdetu diotenean. Dena den, argi utzi du gauzak patxadaz aztertu behar direla, gehiengoa handitzeko aukera baztertu gabe.
"Presak ez dira onak politikan, eta are gutxiago gai hain garrantzitsuetan. Hausnarketa sakona egin behar da, jokoan dagoena oso handia delako. Legealdi honetan onartzen ez bada, hurrengoan izango da. Aldeak agerian daude, beraz, gehiengoa handitu nahi badugu, beste alderdi batzuekin adosteko denbora beharko dugu", erantsi du.
Alabaina, hizkuntzen aferaz haratago, Hezkuntza Legearekin lotuta, badira PSE-EEko idazkari nagusiari kezka handiagoa sortzen dioten beste bi kontu. Hots, euskal eskola publikoa indartzeko beharra eta ikasleen errendimendua edota ikasgeletako emaitzak hobetzeko premia.
Bukatzeko, zuzenketen kontura sortutako iskanbilari berriro eutsita, EH Bilduk eskatu bezala EAJk eta PSE-EEk agerraldi bateratua egingo ote duten galdetu diote. "Agerraldia zuzenketak erregistratu genituenean egin genuen, bi alderdiok argudio berberak eman genituen eta. Batzuon eta besteon interpretazioa berbera izan da", azpimarratu du.