Urteurrena
40. urterrenean, Pili Zabalak kritikatu du oraindik ez dutela lortu ez egia, ez justizia, ez erreparazioa
eitb media
Joxean Lasarekin batera GALek bahitu eta guardia zibilek torturatu eta hil zuten Joxi Zabalaren arrebak, hala ere, esan du geroz eta aitortza sozial zabalagoa jasotzen ari direla.
Pili Zabalak, 1983ko urriaren 15ean Joxean Lasarekin batera GALek bahitu eta guardia zibilek torturatu eta hil zuten Joxi Zabalaren arrebak, salatu du 40 urteren ostean egia, justizia eta erreparazioa jaso gabe jarraitzen dutela.
Zabalak "Boulevard" Radio Euskadiko saioan gogorarazi duenez, oraindik lege frankistak daude, sekretu ofizialena adibidez, Lasa eta Zabala kasuaren egia ezagutzea galarazten dutenak, "injustiziak bata bestearen atzetik" jasotzen ari dira, eta "badakigu zein erreparazio dagoen, ez bazaude terrorismoaren biktimen artean".
Gaineratu duenez, anaiaren errugabetasun presuntzioa defendatzen jarraitzen dute, ez dute segurtasun juridikorik, eta erreparaziotik urrun daude, "osasuna eta ongizatea ematen duen zerbitzu sorta bat" delako hori.
Zabalak terrorismoaren biktimei buruzko 29/2011 legea aldatzea eskatu dio Espainiako Estatuari. Bere esanetan, PPren interpretazio "oker" baten ondorioz bere anaia ez da bertan agertzen.
Azkenaldian Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurka egiten diren "Botoa Txapotek eman diezazula!" oihuen inguruan, salatu du "baldarkeria emozional ikaragarria" dela. "Gaizkiaren erabilera eta banalizazioa oso lotuta doaz ezjakintasunarekin, gaizkia sortzen jarraitzeko manipulazio interesatuarekin", gehitu du.
Azkenik, eta puntu baikor gisa, esan du geroz eta aitortza sozial zabalagoa jasotzen ari direla, baita "ETAren biktimak direnengandik ere".