Itxi

Euskara

Eudel EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari buruz: "Toki-autonomiaren aurkakoa da, eta eskumenak mugatzen ditu"

EITB Media

Leer en Castellano

Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragileak egin duen lehenengo ohiko bileran, alkateek adierazpen bat onartu dute, EAEko Auzitegi Nagusiak asteartean eman zuen epaia dela eta.

EUDELeko Batzorde Eragilea, gaur, Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan. Argazkia: EUDEL

Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) salatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) asteartean eman zuen epai berria "toki-autonomiaren aurkakoa da, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen du".

EUDELeko Batzorde Eragileak gaur Euskadiko Udalen Elkartearen egoitzan egin duen lehenengo ohiko bileran, alkateek adierazpen bat onartu dute, epaia dela eta. Epai horrek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeko zati bat baliogabetu du.

Aurretik, Auzitegi Konstituzionalaren epaian egin bezala, EUDELek berretsi egin du legearen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Elkartearen ahotan, araua "ezinbestekoa" da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko.

EUDELeko Batzorde Eragileak "bereziki larritzat" jo du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea.

Elkartearen esanetan, udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, "oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko".

Azkenik, EUDELek egungo egoera balioan jartzen du, Estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, "guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez", hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko "erronka eta aukera" baita.