HAMAS-ISRAEL GERRA
Milaka pertsona bildu dira Donostian, "Gazako sarraskia gelditzea" eskatzeko
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB Media
Agus Hernanek eta Zuriñe Rodriguezek eskerrak eman dizkiete deitzaileen izenean Gipuzkoako hiriburura hurbildu diren pertsonei, eta gizarteak erakutsitako batasuna azpimarratu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Milaka lagunek erantzun diote Gernika-Palestina herri ekimenak gaur arratsaldean Donostian egindako deialdiari, "Gazako sarraskia gelditzea" eskatzeko.
Manifestazioa 17:30ean abiatu da Antiguako tuneletik, "Gazako sarraska gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna" lelopean, pankartari eusten, besteak beste, Martxelo Otamendi kazetaria, Gorka Otxoa aktorea eta Nekane Balluerka EHUko errektore ohia zihoazela.
Manifestazioaren aurretik, Agus Hernan eta Zuriñe Rodriguez bozeramaileek eskerrak eman dituzte "jasotako babesagatik", eta bereziki nabarmendu dute manifestazio honek lortu duen babes anitza, bai jendartearen artean baita alderdi politiko, sozial eta sindikalen artean ere. "Urgentziazko deialdi bat egin dugu, eta euskal jendarteak ulertu du", esan du Rodriguezek. "Palestinako egoera latza da, genozidio baten aurrean gaude, eta ezinbestekoa da berehalako su-etena, korridore humanitario seguruak irekitzea, Palestinaren kontrako okupazioarekin bukatzea eta bakea lortzea, eta hori da gaur hemen exijitzen ari garena", adierazi du.
"Gure ustez, duela urte asko ez zen horrelako manifestaziorik ikusten Donostian, batasun honekin eta aniztasun honekin", esan du Hernanek, 155 pertsona ezagunek sinatu duten manifestuari erreferentzia eginez.
Bost puntu ditu manifestu horrek: berehalako su-etena, Gazako Zerrendaren aurkako erasoen amaiera, korridore humanitario seguruak ahalbidetzea edota Nazioarteko Zuzenbidean oinarritutako konponbidea negoziatzea. Halaber, elkarrizketa prozesua abiatzeko eskatu diote nazioarteari.
Manifestazioa Alderdi Ederren amaitu da, eta bertan Gernika-Palestina ekimenetik "egun hauetan Palestinan bizi den indarkeriak eragiten duen izugarrikeriaren erdian, antsietatea, ezintasuna eta tristura bideratzen lagunduko duten ekimenak" bilatu nahi izan dituztela azaldu dute.
"Gernikako errautsetatik loratu zen herria bildu da gaur Donostian", esan dute manifestazioaren antolatzaileek, eta honakoa erantsi: "Hemen bat egin dugu Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoarekin, adostasunez eta aniztasunez. Hori da gure balioa".
Ildo horretan, "Israel Gazan egiten ari den genozidioarekin berehala amaitu behar da", nabarmendu dute, eta gatazka honi irtenbide bidezkoa eta demokratikoa eman behar zaiola gaineratu: "Inolako erasok ez du justifikatzen Israel herri palestinarrari ezartzen ari zaion zigor kolektiboa".
Hala, konponbidea Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzean oinarritu behar dela azpimarratu dute, eta "okupazioa" amaitzeko eta "Palestinak autodeterminaziorako duen eskubidea" bermatzeko eskatu dute.
"Herriek euren lekua aurkitu behar dute munduan, eta inspirazioa justiziaren, askatasunaren eta bakearen aldeko borroka historiko handietan aurkitu behar dugu", esan dute.
Azkenik, 75 urte dirauen gatazka honetan bakea lortzeko modu bakarra "herri palestinarrak giza eskubideen, duintasunaren eta eskubide nazionalen defentsan dituen helburu zilegiak betetzea da", horien esanetan, eta horretarako ezinbestekoa da "bakoitzak bere esparrutik elkartasunerako eta konponbiderako deia egiten jarraitzea".
Manifestazioaren ondorengo hitzartzea. Argazkia: EITB Media
Babesak
Alderdi politikoei dagokienez, beren babesa adierazi diote EH Bildu, EH Bai, Sortu, Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU, Nafarroa Zurekin eta Alternatiba alderdi politikoek; EAJk, aldiz, manifestaziora joateko askatasuna eman die afiliatuei. ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE eta CGT sindikatuak eta hainbat eragile sozial ere batu dira ekimenera, Bakea eta Duintasuna Elkartea, Hegoa Institutua, Aita Mari erreskate ontzia, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Calcuta Ondoan eta Euskadiko GGKEen Koordinakundea tartean.