Itxi

ESPAINIAKO GOBERNUA

Pedro Sanchezen inbestidura: gainditu beharreko mugarriak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Juntsekin akordioa lortzea da erronkarik zailena. Hain zuzen ere, astelehen honetan amaitu da Puigdemont buru duen Errepublikarako Kontseiluak inbestidura blokeatu edo ez erabakitzeko bultzatu duen bozketa.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea. Argazkie: EFE

Martxan da Pedro Sanchezen inbestidura lortzeko atzera kontaketa. "Diskrezioa" da Espainiako Gobernuak gehien errepikatzen duen hitza akordiorako negoziaketa nola doan galdetzen zaionean. Egunak aurrera doaz, baina, eta inbestidurarako datarik ez dagoen arren, Moncloatik diote guztia espero bezala doala. Sanchezek kargua errepikatu nahi badu, ondorengo mugarriak ditu aurretik:

1. Juntsekiko akordioa: Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Juntseko buruzagiarekin akordioa lortu ezean, ez da inbestidurarik izango. Akordioaren gakoa 'proces' delakoan parte hartu zutenentzako amnistia da, baina eskarien orrian daude independentismoaren aitortza eta "zilegitasun demokratikoarekiko errespetua" ere, baita akordioak egiaztatzeko mekanismoa ere.

Igande honetan, Puigdemontek Katalunia nazioa dela berretsi, eta "independentzia politikoa" aldarrikatu zuen, La Vanguardiak PSOE eta Junts Katalunia gutxiengo nazional gisa aitortzeko akordio bat prestatzen ari direla argitaratu eta gero.

Hain zuzen ere, astelehen honetan amaitu da Puigdemont buru duen Errepublikarako Kontseiluak inbestidura blokeatu edo ez erabakitzeko bultzatu duen bozketa. Laster jakingo da emaitza.

2.- Sumarrekiko akordioa: PSOEk ez du oraindik akordioa itxi Sumarrekin. Gaur bertan, Ernest Urtasun Sumarreko bozeramaileak adierazi du lanaldia murriztearen inguruko akordioa dela une honetan oztopo handiena, eta horretan ados jarriz gero beste ezberdintasunak errazago konponduko dituztela. Eguna negoziatzen pasatu dute, eta, esan dutenez, akordioa "berehala ixtear" daude.

Hauteskundeetara Sumarrenpean joandako Podemosentzat, ordea, akordioa oso eskasa da.

3.- Beste akordioak, ERC, EAJ eta EH Bildu: ERCren botoak ere beharrezkoak dira inbestidurarako, eta Kataluniako errepublikanoek nazioaren aitortza eta Rodalies tren sistemaren transferentzia osoa eskatzen dute. 

EAJk inbestidurarako negoziazioa "konplexua" dela ohartarazi zuen atzo bertan, eta "euskal gai nazionalaz" hitz egiteko garaia iritsi dela gaineratu zuen.

EH Bilduk, berriz, argi esan du baiezkoa emango diola inbestidurari.

4.- PSOEren oinarrien babesa: Sumarrekin inbestidura akordioa eginez gero, alderdiaren organoekin eta oinarriarekin ere kontsultatu beharra dauka PSOEk, bere estatutuek jasotzen duten bezala. Sanchezek ez du uste arazorik egongo litzatekeekin, baina gainditu beharreko urrats bat da.

5.- Inbestidurarako data: Kongresuko presidente Francina Armengolek inbestidura saioa egiteko data zehaztea izango da azken urratsa. Baliteke akordio guztiak itxi ondoren iragatzea data, baina aurretik ere izan daiteke. Ikusteko dago noiz izango den.