Itxi

Inbestidura

PSOEk eta Sumarrek koalizio gobernua osatzeko akordioa itxi dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Lanaldia murriztea, etxebizitza publikoen kopurua handitzea eta "zerga erreforma justu" bat egitea adostu dute, besteak beste. Sumarren hitzetan, "mozal legea" bertan behera uztea ere itundu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainian koalizio gobernu "aurrerakoia" osatzeko akordioa lortu dute PSOEk eta Sumarrek. Pedro Sanchez eta Yolanda Diaz bi alderdietako buruzagiek bilera egin zuten atzo Moncloan, eta horrek berak, batzarra bi buruon artekoa izateak, iradokitzen zuen gertu zegoela ituna. Negoziazioan oztopo nagusia izan den lanaldi murrizketa adostu zuten, nonbait.  

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Yolanda Diaz Sumarreko buru eta Gobernuko presidenteorde bigarrenak, itunaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur eguerdian Madrilgo Reina Rofia museoan egin duten ekitaldian.

Bere hitzaldian Yolanda Diaz Sumarreko buruak hitzeman du "bizitzarako denbora" irabaziko duela gizarteak legealdi berrian. Horren esanetan, itundutako akordioa "ez da PSOEren akordioa, ezta Sumarrena ere, zurea da, zuena, hobeto bizitzeko aukera bat da". Hori horrela, argi utzi du bizitzari denbora emango dion legealdia izango dela, adibidez, soldata txikitu gabe lanaldia murriztuko dutelako, eta, horrenbestez, "jendearen bizimodua hobetuko dugulako".

Pedro Sanchezek, bere aldetik, koalizio gobernuak aurreko lau urtetan egindako lana aldarrikatu du: "Bi eguneko bizi itxaropena eman ziguten, bost urte egin ditugu eta beste lau urte egongo gara". Horren ostean, agintariak gogorarazi du duela bost urte Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioarekin "Espainiak norabidea aldatu" zuela, "hamarkada batez krisiari aurre egiteko politikak huts egin ostean". "Gure herriak itxaropenez begiratu zion berriro etorkizunari", gaineratu du.

Sozialistek eta Sumarrek gaur goizean prentsari bidali dioten ohar bateratuan iragarri dute akordioa, nabarmenduz euren buruei emandako epea agortu baino lehen lortu dutela.

"Herritarrek uztailaren 23ko hauteskundeetan emandako mezuari erantzuna eman zaio: Espainian eskuineko eta ultraeskuineko gobernu bati azaldutako arbuioa eta eskubideetan eta askatasunetan aurre egiten jarraitzeko agindua", azpimarratu dute. 

Bien hitzetan, enplegu betea lortzeko helburua "lehentasun" izango da legegintzaldi berrian, eta "akordioa denean mamituko da". Hala, soldata murriztu gabe lanaldia laburtzeko "aurrerapen anbiziotsua" jaso dute, eta gazteen langabeziari aurre egiteko egitasmoa berehala martxan jartzea hitzartu. 

Beste akordio hauek ere erdietsi dituzte: osasun arloa "indartzea", etxebizitza publikoen kopurua handitzea (helburua da guztien % 20 izatera heltzea), klima aldaketaren legearen helburuak igotzea, jaiotzagatik emandako baimenak handitzea, 0-3 urteko eskolaratzea unibertsal egitea eta zerga erreforma "justu" bat egitea, banketxeek eta argindar enpresek "gastu publikoari ekarpena egin diezaioten". 

Bi alderdion aburuz, akordioari esker "lau urteko legegintzaldia izango dugu, eta gure herrialdeak modu jasangarrian hazten jarraitu ahalko du, kalitatezko enpleguarekin, justizia sozial eta klimatikoan oinarritutako politikak garatuta eta eskubideak, konkista feministak eta askatasunak zabalduta". 

Sumar: Oinarrizko gutxieneko soldata igotzeko eta "mozal legea" bertan behera uzteko akordioak

Halaber, publiko egindako beste ohar batean, Yolanda Diazen alderdiak honako akordio hauek aipatu ditu, arestian zehaztutakoez gain: zaintza legea, lurralde finantzazioa erreformatzeko legea edota oinarrizko gutxieneko soldataren igoera.

'Mozal Legea' delakoari buruz, berriz, akordioak jasotzen du "biltzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna mugatzen" dituzten araudiaren puntuak erreformatu eta indargabetu egingo direla.

Bideoak (1)