Itxi

Bilera Jerusalemen

EIren aurkako "nazioarteko koalizioa" Hamasen kontra egiteko baliatzea proposatu dio Macronek Netanyahuri

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

"Hamas Israelgo Estatua suntsitzea helburu duen talde terrorista bat da, Estatu Islamikoaren, Al Kaidaren eta bere kideen kasua ere bada, ekintzan zein asmoan", adierazi du Frantziako presidenteak.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. EFE

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Estatu Islamikoaren aurkako "nazioarteko koalizioa" Hamasen kontra egiteko aprobetxatzea proposatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari.

"Hamas Israelgo Estatua suntsitzea helburu duen talde terrorista bat da, Estatu Islamikoaren, Al Kaidaren eta bere kideen kasua ere bada, ekintzan zein asmoan. Lehentasuna, zuena, baina baita demokrazia guztiena eta Frantziarena ere, talde horiek garaitzea da", esan du Macronek Netanyahurekin batera emandako prentsaurrekoan.

Macronek azaldu du Israelera joan dela Frantziak etsai komunaren, "terrorismoaren", aurrean duen elkartasuna adieraztera, eta Israelek Hamas talde islamistaren aurrean "defendatzeko duen eskubide legitimoa" azpimarratu du. Izan ere, urriaren 7an Israelen aurkako eraso batean 1.400 pertsona baino gehiago hil eta beste 222 bahitu eta Gazako Zerrendara eraman zituzten talde islamistako milizianoek.

Ondoren, gerra gordineko 18 egunetan, Israelek ez ditu bonbardaketak eten Gazako Zerrenda osoan. Erasoek 5.700 hildako eta 16.200 zauritu baino gehiago utzi dituzte dagoeneko, horietatik % 70 haurrak, emakumeak eta adinekoak.

Palestinarren eta Israelen arteko gatazkari konponbide iraunkorra emateko negoziazioei berriro ekitearen garrantziaz hitz egin du Frantziako presidenteak, estatu palestinar bat sortuz. Macronen ahotan, Israelek onartu egin behar du "palestinarrek beren Estatua izateko duten eskubide legitimoa".

"Borrokak errukirik gabe izan behar du, baina ez araurik gabe", ohartarazi du Macronek, demokraziek "gerrari buruzko legeak errespetatzen dituztela, laguntza humanitarioa bermatzen dutela eta zibilak ez dituztela jomugatzat hartzen. Ez Gazan, ez inon", nabarmenduta.

Era berean, laguntza humanitario gehiago sartzeko eta "gaixo eta zaurituentzako ospitaleetan argindarra berrezartzeko" eskatu du, "hori gerrarako erabili gabe".

Bestalde, Netanyahuk ziurtatu du denek gal dezaketela, ez Israelek bakarrik, Hamasek gerra hau irabazten badu. "Europa arriskuan legoke, guztiak arriskuan leudeke, zibilizazioa arriskuan legoke (...) Horregatik, borroka hau ez da gurea bakarrik, zuena da, Ameriketako Estatu Batuena, Ekialde Erdiko eta mundu arabiarraren etorkizunerako borroka bat", gaineratu du.