Itxi

Mugikortasuna

Donostiak 2024ra arte atzeratuko du Emisio Gutxiko Eremuaren ezarpena

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azaldu dutenez, hasiera batean, etiketarik gabeko ibilgailuei soilik mugatuko zaie sarrera oraindik zehazteke dagoen eremura, eta gehieneko murrizketa B etiketadun ibilgailuetara zabalduko da.

Donostiako kale bat, artxiboko irudian.

Hasiera batean urtea amaitu baino lehen ezartzea aurreikusten zuten arren, Donostiako Emisio Gutxiko Eremua (EGE) 2024ko amaierara arte atzeratuko da, Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak ostegun honetan Udaleko Osoko Bilkuran azaldu duenez.

Donostiako gobernu taldeak, EAJk eta PSE-EEk osatuak, Espainiako Gobernuari luzapen bat eskatu zion urrian proiektuari forma emateko, eta horrek "gauzak ondo egiteko aukera paregabea ematen digu. Burubelarri ari gara lanean hori ezarri ahal izateko", Yarzaren arabera.

Ildo horretan, Marisol Garmendia Ekologiako zinegotzi sozialistak "lasaitasuna" eskatu die herritarrei, eta ziurtatu du inoiz ez dutela zirkulazioa itxiko hiriaren erdigunean. "Lehenengo fasean, eragina izango duten ibilgailuak etiketarik ez dutenak izango dira, hau da, Donostiako erdigunera sartzen den flotaren % 10, eta gehieneko murrizketa B etiketadun ibilgailuei aplikatuko zaie".

Garmendiak esan du EGE "iraunkorra eta zentzuzkoa" sortuko dutela, eta gogoratu du Donostia ez dela luzapena eskatu duen hiri bakarra. "EGEaren aplikazioa mailakatua izango da, erosteko ahalmen txikiagoa dutenei eta ibilgailua aldatu ezin dutenei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko", gaineratu du.

Era berean, oposizioko taldeek Yarza eta Garmendiaren arteko desadostasunengatik egindako kritiken aurrean, sozialistak onartu du ez dutela prozesua ondo kudeatu: "Ez dut arazorik onartzeko".

Zinegotzi sozialistak eta jeltzaleak azaldu dutenez, "lanean" ari dira Emisio Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza ezartzeko, EH Bilduk aurkeztutako kontrol mozioak eskatuta; proposamena ez da onartu, gobernu taldearen botoek atzera bota dute-eta.

Ekimena Garbiñe Alkizak defendatu du, eta Emisio Gutxiko Eremua ezartzeko neurriak abenduaren 31 baino lehen zehazteko eskatzen zuen. Alkizak salatu duenez, gobernu taldeak urte honen amaierarako EGEa prest ez izateko azaldu dituen arrazoiak "aitzakiak baino ez dira"; izan ere, "2019-2023ko gobernu programan bazegoen".

Ildo beretik, Elkarrekin Donostiako zinegotzi Victor Lasa harrituta agertu da arduradunen zehaztasun faltagatik. "Aldaketak herritarrentzat deserosoak izateko beldur al zarete?", galdetu du. Eta gogoratu du beste hiri "askoz handiago" batzuek ere ezarri dutela Emisio Gutxiko Eremua, hala nola Amsterdamek 1978an eta Londresek duela 25 urte.

Borja Corominas popularrak, bere aldetik, udal gobernuaren barruan adostasunik ez egotea "harrigarria" dela esan du, eta "bi fakzio" dituela salatu du.

Oposizioari erantzunez, Yarza jeltzaleak esan du epeak ezin direla bete, besteak beste, zirkulazio ordenantza batek urtebete behar duelako tramitatzeko. "Eztabaida politikoa egin beharko da, herritarren parte-hartzearekin", adierazi du, eta talde politiko guztiek eztabaida horretan parte har dezatela eskatu du.