Eskuinaren erantzuna
Feijook Sanchezi erantzun dio amnistiak bere "beharrizanari" erantzuten diola soilik
agentziak | eitb media
PPko buruak ukatu egin du "Espainiaren interesagatik" egingo duela, buruzagi sozialistak larunbatean esan zuen moduan. Voxeko buruak, Abascalek, berriz, "traidore"tzat jo du jarduneko presidentea.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak ukatu egin du amnistia Espainiaren izenean negoziatzen ari izatea, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteak larunbatean esan zuen moduan, eta azpimarratu du "bere izenean" eta interes pertsonalagatik negoziatzen ari dela.
"Lotsa gutxi izan behar da eta ezin da estatu zentzurik izan amnistia Espainiaren izenean negoziatzen ari dela esateko, kanpainan esan ostean ez zuela egingo", kritikatu du Feijook Malagako Konstituzio Plazan, milaka jarraitzaileren aurrean, egindako ekitaldi batean.
"Ez dago ezer onik Sanchezek atzo esan zuen horretan; interesa besterik ez", gaineratu du.
Denaes fundazioaren elkarretaratzea Madrilen
Bestalde, Denaes Espainiar Nazioaren Defentsarako Fundazioak amnistiaren aurkako ekitaldia egin du gaur Madrilen, eta bertan izan da Vox, baina ez PP.
Fundazioaren presidenteak hitz egin du bertan, eta Feijoori leporatu dio "ia beti diskurtso nahasgarria" izatea "sekta sezesionistari buruz".
¿¿ #NoEnMiNombre ¿¿
— Fundación DENAES (@fdenaes) October 29, 2023
Comenzamos en unos minutos, se sigue llenando Colón.
Aquí estaremos en directo, en Youtube.
¿¿¿¿¿¿ https://t.co/PUu105imfk pic.twitter.com/ExUdNPG15g
Santiago Abascal Voxeko buruak, bere aldetik, Sanchez "autokrata"ri ohartarazi dio "ondorioak" izango dituela "Konstituzioa, legeak eta espainiarren berdintasuna apurtzeak", amnistia legea onartuz gero.
Abascalek Sanchez izan du jopuntuan bere hitzaldian, eta honakoa esan du: "Espainiaren historiako presidente ustelena da, boterean jarraitzeko botoen truke beste politikari batzuei amnistia eman nahi diena, eta historiara pasatu nahi duen megalomanoa, baina Fernando VII.a eta Sabino Arana traidoreen ondoan pasatuko da".