LEONORREN ZINA
ERC, EH Bildu eta BNG: "Ez dugu parte hartuko Errege Etxearen pribilegioen legitimazioan"
EITB Media
Hiru alderdiek sinatu duten adierazpen bateratuan, Espainiako monarkiaren eta Konstituzioaren aurreko ezezkoa berretsi dute, testuak ez dituelako "gure nazioetako gehiengo sozialen egungo eta etorkizuneko nahiak onartzen eta errespetatzen".
Leonor printzesak Konstituzioaren zina egin duen egunean, Esquerra Republicana (ERC), EH Bildu eta Bloque Nacionalista Galego (BNG) taldeek beren ezezkoa berretsi diete Espainiako monarkiari eta Konstituzioari.
"Ez monarkiarik ezta konstituziorik ere. Demokrazia. Askatasuna. Errepublikak" izenburupean sinatu duten adierazpen bateratuan, adierazi dute ez dutela parte hartuko "Errege Etxearen legitimazioan eta pribilegioetan, ezta Espainiako Konstituzioaren legitimazioan ere, ez baititu onartzen eta errespetatzen gure nazioen gehiengo sozialen egungo eta etorkizuneko nahiak".
Sinatzaileen ustez, Espainiako monarkia eta haren kideek "gure nazioetako herritarren eskubide zibil, politiko eta nazionalak ukatzen dituzte". Gainera, uste dute "gainontzeko herritarren aurrean desberdintasun, pribilegio eta zigorgabetasunaren adierazle nabarmenena" direla.
Bestalde, gogorarazi dute ez Espainiako erregeak eta ezta haren oinordekoek ere ez dutela Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako gizarteen "zilegitasunik".
Halaber, nabarmendu dute monarkiak "eliteak", "pribilegioak", "zigorgabetasuna", "diru gosea" eta "inposizioa" ordezkatzen dituela, eta balio horiek "gure gizarteen gehiengoaren" eta Espainiako Estatuko gehiengo sozialen aldarrikapenen aurkakoak direla.
Azkenik, erantsi dute berdintasunari, justiziari, askatasunari eta demokraziari lotutako balio errepublikanoak gaur egun indarrean dagoen "erregimenaren hausturatik" soilik etorriko direla. "Benetako demokrazia bat lortzeko ezinbestekoa da herritar guztien eskubide nazional eta sozialak errespetatzea eta nazioen askatasun eta borondate demokratikoak aitortzea", gaineratu dute.
Bestalde, Ione Belarra Podemoseko buru eta Eskubide Sozialen jarduneko ministroak, astearte honetan adierazi du Leonor printzesaren Konstituzioaren zinak monarkia betikotzea dakarrela, erregina izango dela adierazten baitu, eta erakundearen aurka agertu da: "Lan egingo dugu hori inoiz gerta ez dadin".