Inbestidura
Amnistia Legearen edukiari buruzko akordioa itxi dute PSOEk eta ERCk, inbestidurari bidea irekiz
EITB MEDIA
Orain, baina, sozialisten eta errepublikanoen negoziazio taldeei dagokie datozen orduetan akordioa behin betiko ixtea, ERCko barne organoek itunari oniritzia ematen diotenean.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak Amnistia Legearen edukiari buruzko akordioa itxi dute bart, eta negoziazio taldeen esku utzi dute, datozen orduetan, inbestidurari babesa emateko ituna behin betiko ixtea.
PSOEk eta ERCk agiri bateratu batean baieztatu dutenez, bi buruzagiek telefonoz hitz egin zuten atzo arratsaldean, eta Amnistia Legearen eta inbestidurarako akordioaren "azken xehetasunak desblokeatu" zituzten.
Batak zein besteak nabarmendu dute urrats horrekin gertuago dagoela inbestidurarako ituna, amnistiaren legearekin lotutako "itxaropenak eta oinarri politikoak" ase dituztelako.
Orain, baina, sozialisten eta errepublikanoen negoziazio taldeei dagokie datozen orduetan akordioa behin betiko ixtea, ERCko barne organoek itunari oniritzia ematen diotenean.
Agiri horretan xehatu dute elkarrizketak bukatzen dituztenean iragarriko dutela noiz eta non sinatuko duten akordioa.
Tsunami eta CDRak ere hartuko ditu barne amnistiak
Tsunami Democraticeko eta CDRetako auzipetuak ere lege horrek babestuko ditu. Hain zuzen ere, horixe da Sanchezen eta Aragonesen arteko hitzarmenaren giltza, ERCren iturrien arabera.
Izan ere, atzo bertan, prentsaurrekoan, Kataluniako Gobernuko bozeramaile Patricia Plajak amnistia "osoa" aldarrikatu zuen, alegia, "errepresaliatu politiko guztientzat" eskatu zuen amnistia; ustezko terrorismo delituagatik ikertu zituzten Tsunami Democraticeko eta CDRetako ordezkarientzat ere bai.
Errepublikanoek eskatutakoa betez, testu horretan ez da aipatuko erreferendumak kutsu deliktiboa duenik. Orain, Jutsekin ituna ixtea faltako litzateke.
Akordioaren aurka egin du PPk
PPko idazkari nagusi Cuca Gamarrak gogor egin du akordioaren kontra, eta PSOE independentismoaren aurrean makurtu dela salatu du. "Sanchezen handinahiak bere siglak irentsi ditu", esan du, atsekabetuta.
Kongresuan PPren bozeramaile ere badenak adierazi du "azpikeriaz eta gauez" adostutako ituna izan dela, eta erantsi du ERCk amnistiarekin lotuta zituen itxaropenak ase geratu direla.