ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Sanchezen inbestidurarako EAJren eta PSOEren arteko akordioa "gertu bezain urrun" dagoela esan du Atutxak
O. A. | EITB Media
Bizkai Buru Batzarreko presidenteak azaldu duenez, bi aldeak dokumentuak trukatzen ari dira eta Alderdi Sozialistaren esku dago negoziazioa arintzea edo luzatzea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Itxura guztien arabera, Pedro Sanchezen inbestidura datorren astean izango da, baina PSOEren presidentegaiak ez du oraindik babes nahikorik Espainiako presidente izendatua izateko. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentearen arabera, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa "gertu bezain urrun" dago. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, bi aldeak dokumentuak trukatzen ari dira, eta Alderdi Sozialistaren esku dago negoziazioa arintzea edo luzatzea.
Sozialistekin adostutakoa beteko dela ziurtatzeko bermeen inguruan galdetuta, Atutxak erantzun du EAJren Kongresuko bost botoak izango direla bermerik onena. Horren esanetan, PSOEk jeltzaleen botoak beharko ditu Aurrekontuak edo legeak aurrera ateratzeko, eta, hitz emandakoa betetzen ez duen neurrian, EAJren babesa zalantzan izango du.
PSOE ERCrekin eta Juntsekin negoziatzen ari den amnistia legeari buruz galdetuta, Atutxak esan du ezin duela balorazio zehatzik egin ez dutelako testua oraindik esku artean. Itxuraz, inbestidura babestuko duten taldeen sinadurarekin erregistratuko dute datozen orduetan lege testua Kongresuan. Horri buruz galdetuta, Atutxak ez du eman ez ezezkorik, ez baiezkorik. "Inork ez digu sinadura eskatu, eta inork ez digu guri testua pasatu", esan du. Dena dela, hurrengo ordu edo egunetan jeltzaleekin harremanetan jarriko direla uste du. Ildo horretan, kataluniarren oniritziarekin zabaldutako "erdibideko" konponbidea begi onez hartu du, eta jeltzaleak "beti" laguntzeko prest daudela berretsi du.
Gobernu akordioan PSOEk eta Sumarrek jaso duten energia konpainien gaineko zerga bereziaz galdetuta, Atutxak erantzun du jeltzaleek ez dutela presiotzat hartu Petronorrek Euskadirako bi inbertsio airean utzi izana.
Bestalde, Gernikan Jose Maria Gorroñok alkate izaten jarraitzen du, hauteskundeak izan eta hilabetera erreleboa emango zuela espero bazen ere. Atutxaren esanetan, ez dago akordiorako jarrerarik, eta Gorroñok oposiziora bidali ditu jeltzaleak.